Txomin Mujikak zuzendu du Elgoibarko Udal Musika Bandaren kontzertua eta sei kantu iragarrita bazeuden ere zazpigarren bat ere eskaini dute musikariek beste zuzendari baten –Eduardo Moreno– esanetan, ordea.
Un Domingo de Mayo martxa idatzi du Morenok Txomin Mujikaren omenez, honek eskainitako laguntza eskertzeko. Eduardo Morenok CD bat grabatu zuen Bilboko Udal Musika Bandarekin berak idatzitako obrak joaz eta lan horretan Txominek erraztasun guztiak eman zizkion. Horrez gain Txomin Mujikari izugarri gustatzen zaio Morenok orain dela urte batzuk idatzi zuen Miner Martin’s martxa.
Horregatik guztiagatik idatzi du Eduardo Morenok Txomin Mujikaren omenezko Un Domingo de Mayo. Kontzertuan Elgoibarko Udal Musika Bandak martxa hori eskaini du estreinakoz Eduardo Morenoren zuzendaritzapean. Pieza jo ostean, egileak Txomin Mujikari martxaren partiturak eta CD bat eman dizkio opari. Esker onez jaso ditu opariak Mujikak eta "ezusteko" handia izan dela aitortu du, azken asteetan zer edo zer arraroa sumatzen zuela azaldu dien arren Herriko Antzokian batutako ikusleei.
Bandako kide Iñigo Zearsolok azaldu ditu Txomin Mujikari prestatu dioten sorpresaren nondik norakoak, "Maiatzeko domeka" ezkutuko operazioarenak alegia. Txominek ezer jakin gabe, Eduardo Morenoren aginduetara entseatu du Bandak Un Domingo de Mayo martxa. Gaurko emanaldian ere publiko artetik igo da eszenatokira, Mujika ezustean hartuz.