Eudeleko elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landaren arabera, gaur egun “historikoa” da Euskadiko udalgintzarentzat, eta, hasiera berria Eudelentzat. “Gaur, sortu zenetik Euskadiko Udalen Elkarteak, Eudelek, izan duen xede historikoetako bat bete da: desberdinak direnen arteko bizikidetza. Organo berriek ordezkaritza plurala dute, indar guztien lankidetzari eta adostasun-borondateari esker”, esan du Landak batzarrak bere karguan datozen lau urteetarako berretsi eta gero egin dituen lehen adierazpenetan.
Hurrengo lau urteetarako buruzagitza bozkatu dute gaur Eudeleko kideek, Elgoibarren egindako urteko batzarrean. Bertan Imanol Landa Getxoko alkatea (EAJ) berretsi dute presidentetzan. Landarekin batera bi presidenteordea izango dira buruzagitzan, Irungo alkate Jose Antonio Santanao (PSE-EE) eta Errenteriako alkateorde Garazi Lopez de Etxezarreta (EH Bildu). Talde osoa hartuta, hamabost kideetatik zazpi dira EAJkoak, lau EH Bildukoak, bi PSE-EEkoak, eta PPkoak eta talde independenteetakoak bana. Era horretan zuzendaritza "integratzailea" osatzea izan da erakundearen asmoa. Hala, EH Bilduk ordezkaritza izango du lehen aldiz Eudelen zuzendaritzan.
•Euskadiko Tokiko Erakundeen Legea
Imanol Landaren esanetan Euskadiko Tokiko Erakundeen Legea martxan jartzea izango dela Eudelen berehalako erronka nagusia. “Desiratutako Lege honek argi zehazten du udalen eskumen markoa, eta udal finantzaketarako beharrezko mekanismoak ezartzen ditu”, azaldu du. Udalerrien espazioa zehaztea, eta Euskadin tokiko autogobernurako berezko marko bat garatzeko eskumena eta gogoa erakustea ere Eudelen esku dagoela gaineratu du.
Europa, Tokiko gobernantzaren balioak, Berdintasuna eta Euskara
Landaren arabera, Euskadiko tokiko botereak ikusgaitasun handiagoa izango du gure inguruaren barruan zein kanpoan, bereziki Europako agertokian. Horrez gainera, gobernantza ona ekintza guztien hasiera eta gida dela nabarmendu du. Balioak ere hizpide izan ditu. “Gure balioak hauexek dira: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, oinarrizko eskubide bezala eta demokraziaren funtsezko balio gisa. Berdintasunaz gain, honako balioak ere nabarmentzen ditugu: etika eta erakunde osotasuna, gardentasuna, parte-hartzea eta herritarrekiko hurbiltasuna”. Euskara ere funtsezko balioa dela azpimarratu du, gure berezko hizkuntza eta gure herriaren historiaren, kulturaren eta identitatearen ikurra dela-eta. “Tokiko Erakundeen Lege berrian, euskarak leku garrantzitsua betetzen du, eta azkenik, udalei berezko eskumen gisa aitortzen zaie euskararen erabilera sustatzea, planifikatzea eta dinamizatzea, hala udal zerbitzuei nola tokiko bizitzaren esparru orokorrari dagokionez”, azaldu du Landak.