Gazteen Soinu Zahar Ligaxkan punturik gehien batu dituzten dantzariek hartu zuten parte zapatuan Legazpin jokatu zuten Euskal Herriko Gazteen Neskatxena Txapelketan. Guztira 30 neskak parte hartu zuten, adinaren araberako bi kategoriatan banatuta: A kategoria (7-11 urte) eta B kategoria (12-15 urte). Horien artean ziren Inazio Bereziartuako bi ordezkari: Irune Arriola eta Nerea Sasiain. Arriolak 12. postua lortu zuen eta Sasiainek podiumera igotzea lortu zuen, hirugarren koskara, hain justu ere. A kategorian Olatz Azkue (Lezo) izan zen irabazlea eta Katerin Artola (Oiartzun) gailendu zen B kategorian. Epaimahaia Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko kideek osatu zuten.
•Mutilak Errenterian
Datorren zapatuan mutilen txanda izango da, Aurresku txapelketaren finala jokatuko baitute Errenterian. Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak izango du ordezkaririk txapelketa horretan ere, Aimar Almortza, Markel Goenaga eta Gaizka Uranga, hain zuzen ere.