Elgoibarko Euskarak 365 Egun taldeko kideek jakinarazi dutenez, aurten ere kalera irtengo dira elgoibartarron euskaltasuna aldarrikatzera. “Maalako parkean bilduko gara euskaraz bizi nahi dugula esateko”, aurreratu dute. Bi ezaugarri nagusi izango ditu aurtengorako prestatu duten ekimenak. Batetik, herriko elkarte eta erakundeak izango dira protagonistak, eta, bestetik, jai giroan aldarrikatuko dute euskalduntasuna. Abenduaren 2an, barixakua, izango da hori.
•Izena emateko azken eguna: maiatzak 31
Abendua urrun dagoen arren, dagoeneko hasi dituzte prestaketa lanak, eta parte hartu nahi duten elkarte eta erakundeek maiatzaren 31 baino lehen eman behar dute izena. Izena emateko, jarri harremanetan 365 ekimeneko talde eragilekoren batekin edo idatzi elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus e-postara.
•15 minutu euskalduntasuna azaltzeko
Antolatzaileen esanetan, elkarte-erakunde bakoitzak 15 minutuko tartea izango du bere euskaltasuna nahi duen moduan azaltzeko, Maalako eszenatoki gainetik. Antolakuntzak pertsona bat jarriko du elkarte-erakunde bakoitzak egin dezakeena pentsatzen eta prestatzen laguntzeko.
- 365 talde osatzen dute: AEK euskaltegia, Elgoibarko Institutua, Elgoibarko Izarra, Elgoibarko Udala, Elgoibarko Haurreskola, Elgoibar Ikastola, Herri Eskola, Ikastolako guraso-elkartea, Kalamua guraso-elkartea, Musika Eskola, Sortu, Taupada antzerki-taldea, eta Udal Euskaltegia. Babeslea, berriz, Elgoibarko Udala da.