Iban Murua eta Maite Maiora gailendu dira Aizkorriko Kilometro Bertikalean

Barren.eus 2016ko mai. 20a, 18:51

Iban Murua elgoibartarrak irabazi du gizonezkoetan gaur arratsaldean jokatu den Aizkorriko Kilometro Bertikala. Emakumezkoetan, berriz, Maite Maiora mendaroarrak egin du denborarik onena.

Euskal Herriko Lasterketa Bertikalen Kopako bigarren proba jokatu dute gaur, Zegama-Aizkorriko 2. Kilometro Bertikala. Zegaman hasi da proba, 505 metroko altuerara dagoen Arriaundin, eta Aizkorriko tontorreraino (1520 metro) igo behar zuten parte hartzaileek (ikus ibilbidea). Lauko taldeka abiatu dira 16:00ak puntuan zirenean, minutuko tartearekin. Iban Murua mendi lasterkari elgoibartarrak egin du denborarik onena: 36 minutu eta 43 segundo. Bigarrena, Oriol Cardona kataluniarra, lau segundora ailegatu da eta ia minutu eta erdiko aldea atera dio Muruak hirugarren postua eskuratu duen Agusti Roc-i (38:02), hau ere katalana. Iñigo Lariz elgoibartarra ere aurreneko postuetan sailkatu da, bosgarrengoan, hain justu ere, 38:16ko denborarekin. Laugarren egin duen Oier Ariznabarretak baino bi segundo gehiago, alegia. (ikus sailkapenak)
•Maiora nagusi emakumezkoetan
Emakumezkoen artean Maite Maiora mendaroarrak irabazi du proba, 45:43ko denborarekin. Vanesa Ortegak egin du bigarren (48:07), eta aurten Mendaroko Kilimon Trail lasterketa irabazi duen Virginia Perezek hirugarren (51:26). Ainhoa Lendinez elgoibartarrak bosgarren egin du (52:07).

Maite Maiorak domekan (09:00, Zegama) egingo duten Zegama-Aizkorri mendi maratoiko hamabosgarren edizioan hartuko du parte, eta sasoi onean dagoela erakutsi du gaur, proba batak bestearekin zerikusi gutxi duen arren. Gainera, iaz ezin izan zuen parte hartu, belaunean min hartuta zegoelako, eta parte hartzeko gogo handiz dago.

aizkorri km Iban murua elgoibar ramon ferrer

aizkorri km bertikala maiora mendaro ramon ferrer

 

 

 

Lotura duten albisteak: