Hondakinen Mahaiaren helburua da Elgoibarko hondakinen kopurua ahalik eta gehien murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Zenbait bileraren ostean, ados jarri dira hiru aldeak. Urtebeteko epean %60 gaika biltzeko helburua ezarri du mahaiak, Europako Batasunak eskatzen duen moduan. Kontuan izan beharra dago gaikako bilketa oraindik %43,28koa izan zela 2015ean.
Helburu horretara iristeko honako puntu hauek adostu dituzte Hondakinen Mahaian:
- Prebentzioan eta berrerabilpenean oinarritutako politikak sustatuko ditu Elgoibarko Udalak (bigarren eskuko azokak, tuperren erabilpena, berrerabil daitekeen baxera jai eta ospakizunetarako…).
- Auzo-konposta egiteko aukera aztertuko da.
- Edukiontzien sistema izango da bilketaren oinarria, baina bilketa eredu berri baten alde egingo du Elgoibarko Udalak: bost edukiontziak izango ditu oinarritzat (beira, kartoi eta papela, ontziak, organikoa eta errefusa).
- Hondakinen %60 gaika biltzeko helburua izango du Elgoibarko Udalak. Errefusa eta organikoaren edukiontziak modu egokian erabiltzeko, txartel pertsonalizatuak banatuko dira, Debabarreneko mankomunitatearekin lankidetzan.
- Bilketaren emaitzen jarraipenaz arduratuko da Hondakinen Mahaia. Emaitzak baloratu ondoren, emaitzak hobetzeko neurri zuzentzaileak adostu ahal izango ditu.
- Praktika onak sustatzeko, beharrezkoak diren baliabide ekonomiko eta teknikoak erabiliko dira. Kanpaina eraginkorragoak diseinatuko dituzte sistema berria ezagutarazteko, hondakinak murrizteko, berrerabilpena bultzatzeko eta gaikako bilketa sustatzeko. Herriko eragileekin elkarlanean sentsibilizazio kanpaina egitea aurreikusi dute.
- Bide orria: Hondakinen mahaiak ezarritako helburua lortzeko beharrezko diren ekintzen bide-orri edo egitarau bat gauzatuko du. Era berean, Hondakinaren mahaiaren sorrera eta aurreikusitako egitaraua gizarteratuko dituzte.