Tabakorik gabeko Mundu Egunaren harira, karpa bat jarri dute gaur goizean, 11:30etik 13:00etara bitartean, Elgoibarko Merkatu Plazaren atarian. Debabarreneko Erakunde Sanitario Integratuko kideek, AECC-ko (Minbiziaren aurkako Elkarteko) kideek, Osasun Publikoko kideek eta Elgoibarko Udalak elkarlanean antolatu duten ekitaldian, urtean zehar, arlo honetan egiten duten lanaren berri eman dute, hau da, tabakoaren adikzioaren eta honen ondorioen inguruko argibideak eman dizkiete interesa agertu duten herritarrei. Espirometriak ere egin dizkiete herritarrei, biriken osasuna neurtzeko.
•Diploma banaketa
Horretaz gain, Udaleko eta Osasun Publikoko Ordezkariek diplomak banatu dizkiete Kerik Gabeko Gelak programaren baitan egin den kamiseta logotipo lehiaketan parte hartu duten eta finalista izan diren Elgoibar Ikastolako ikasleei.
•Kerik Gabeko Gelak
Kerik Gabeko Gelak Europar Batasunak sustatutako ekimena da, tabakismoa prebenitzea helburu duena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Osasun Sailak eta Osakidetzak garatzen dute proiektu hau, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin elkarlanean. Programak hainbat esku-hartze komunitario hartzen ditu bere baitan, beste erakunde eta eragile sozial batzuen bidez bideratzen direnak. Elgoibarko kasuan, gainera, programa hau Udal Osasunaren Hezkuntza programan txertatzen da; baita, berriki, ikastetxeen eta Udalaren artean sinatu dituzten hitzarmenetan ere.
•Kontsumoa 12-13 urterekin hasten da
Kerik Gabeko Gelak programan, Arreiturre BHI Institutuko eta Elgoibar Ikastolako ikasleek hartzen dute parte. Zehazki, Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko gazteei (DBHko 1. eta 2. maila) zuzenduta dago, izan ere, “Euskadi eta Drogak” azken txostenaren arabera, gazteak 12-13 urterekin hasten dira tabakoa kontsumitzen. Hain zuzen, ikasleen tabakoaren kontsumoa “ekiditea edo geroratzea” da helburua, eta aldi berean, hezkuntza komunitateko kide guztiengana iristea (irakasleak, senideak), tabakoarekiko mendekotasuna gainditzeko laguntza eskaintzeko.
Ikasturte osoan, ikasleek tabakoari buruzko zenbait jarduera egin dituzte, tabakoaren kontsumoa saihesteko, erretzeko presioari aurre egiten lagunduko dieten tresnak eskuratzeko eta erretzea ezohikoa eta kaltegarria dela ulertarazteko. Horretarako, material didaktikoa, prestakuntza eta programaren arduradunen babesa duten tutoreen laguntza izan dute.
Prebentzio-programei buruzko azterlanen arabera, ikastetxeetan tabakismoa prebenitzeko ekimenei esker, murriztu egiten da gerora erretzaile bilakatzen diren gazteen kopurua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12 eta 19 urte bitarteko ikasleen artean, erretzen ez dutela diotenen ehunekoa % 51,4tik % 67,9ra igo da azken urteotan. Bestalde, gazteak, batez beste, 17 urterekin hasten dira tabakoa erretzen.
Osasun Publikoak eta farmaziek elkarlanean egindako lanari ere aitortza egin diote gaurko ekitaldian. “Sarritan haiek eskaintzen dute erretzeari uzteko lehenengo laguntza. Horregatik, farmazietan, egunotan, ohiko materialaz gain, gaiarekin loturiko materiala dago ikusgai, hala nola, “Kerik Gabeko Gelak kamiseten logotipo lehiaketan” finalista izan diren eskualdeko lanen posterrak”.