Gaur, barixakua, 17:00etan abiatu da Kalegoen plazan eta mendiz mendi Elgoibarri lau itzuli emango dizkio Iban Fernandezek. Plazara jendea inguratu da Fernandez noiz aterako zain eta hainbat herritarrek berarekin hasi dute lehen itzulia.
Guztira, lau bueltetan, 156 Km. egingo ditu Iban Fernandezek eta 2-dean B-rotuz taldeak salgai jarri ditu kilometro horiek guztiak herritarrek modu sinboliko eta era berean solidarioan erosteko. Jasotako dirua Donostiako SMH elkarteari (www.salvamentomaritimohumanitario.org) bidaliko diote. Elkarte hori Chiosen, irlara iritsi diren errefuxiatuei laguntzen ari da.
“Kilometro solidarioak” enpresa, denda, talde, taberna, koadrila zein norbanakoek erosi dituzte eta jadanik 156 Km. salduta daudela azaldu dute 2-dean B-rotuz taldekoek, baina 156 Km. horiez gain, jendeak erosten jarraitu duenez, beste 53 ere salduta daude. Kilometro bakoitza 25 euroan saldu dutenez, 5.200 eurotik gora batu dituzte dagoeneko. Gainera, bihar, zapatua ere, Iban Fernandez kilometroak egiten ari den bitartean Kalegoen plazan kilometroak sartzen jarraituko dute. 10:00ak inguruan mahaia jarri eta gutxi gorabehera Fernandezek plazan laugarren itzulia hasten duenera arte (12:30ak inguruan) han egongo dira. 2-dean B-rotuz taldeak Facebook sare sozialean jarrita duen honako formularioa betez ere eros daitezke kilometroak.
Jendeak kilometro solidarioez gain, metro solidarioak ere erosi ahal izango ditu euro batean bakoitza. Saldu dituzten metro guztiak ez dituzte oraindik zenbatu.
∞Lotura duten albisteak:
-
Iban Fernandezen erronkan bidelagun izateko aukera izango da (2016-05-26)
-
Iban Fernandezek egingo duen elkartasun erronkarako kilometroak salgai daude (2016-04-29)
- Iban Fernandezen erronka berriak kirola eta elkartasuna uztartuko ditu (2016-04-08)
- Iban Fernandez: "Ikaragarria izan da erronka pertsonal baten inguruan sortu den lagun giroa" (2015-10-29
- Karakatera bederatzi joan-etorri 12 ordu eta 10 minutuan osatu ditu Iban Fernandezek (2105-10-24)