Iban Fernandezek erronka bertan behera laga ostean, azken itzulia eman duten lau lagunak 19:30ak inguruan heldu dira Kalegoen plazara, eta txalo artean egin diete harrera plazan bildutako lagunek. Horien artean zen Iban Fernandez bera ere, erronka gainditu ez izanaren penarekin oraindik. Arazo fiskoen ondorioz laga behar izan du proba 110 kilometro eginak zituenean.
2-dean B-rotuz taldekoek ekitaldi bat egin dute Iban Fernandezi esker ona azaltzeko. Itsas Salbamentu Humanitarioko kideek ere hartu dute parte ekitaldian eta horrelako ekintza solidarioak eta jasotzen duten diru-laguntza guztia "behar beharrezkoak" direla azaldu dute. Elkarte hori Greziako Chios irlara iritsi diren errefuxiatuei laguntzen ari da, eta horretara bideratuko dute Iban 2-dean erronkan batutako dirua.
•5.800 eurotik gorako diru laguntza
Guztira, lau bueltetan, 156 Km. egin behar zituen Iban Fernandezek eta 2-dean B-rotuz taldeak salgai jarri zituen kilometro horiek guztiak herritarrek modu sinboliko eta era berean solidarioan erosteko. 156 kilometroak saldu ostean, beste 76 ere saldu dituzte. Kilometro bakoitza 25 euroan salduta, 5.800 euro batu dituzte guztira. Kilometroez gainera, "metro solidarioak" ere saldu dituzte, baina, bakoitza euro batean, nahiz eta horiek zenbatu gabe dituzten oraindik.