Euskal Herriko Lasterketa Bertikalen Kopako hirugarren proba jokatu dute gaur, VIII. Zuzenien Igoera Bertikala, eta aurreko probetan gertatu den moduan antxitxikari elgoibartarrak eta mendaroarrak izan dira nagusi.
Gizonezkoetan Iban Murua izan da irabazlea, 31 minutu eta 37 segundoko denborarekin, eta Iñigo Larizek, iazko irabazleak, eginiko denbora ondu du. Iaz estreinatu zuten Zuzenien probaren ibilbide berria, eta gaur denbora markak hautsi dituzte bai gizonezkoetan eta bai emakumeetan. Muruak, gainera, minutu bat eta segundo bateko aldea atera dio bigarren egin duen Mikel Beunza ultzamarrari eta hiru minututik gorako aldea hirugarren sailkatuari, Gueñeseko Asier Larruzeari (34:50). Bertikalen Kopa zoragarria egiten ari da Iban Murua. Lehen proban, Defi du petit train de la Rhun kilometro bertikalean bigarren postua eskuratu zuen eta hurrengo bietan garaipenak lortu ditu: Zegama Aizkorri kilometro bertikalean, joan den astean, eta Zuzenien igoera bertikalean gaur. Kopako azken bi probak urrian jokatuko dira, Anbotoko kilometro bertikala lehenik, urriaren 8an, eta Aratzeko kilometro bertikalarekin amaituko da Kopa urriaren 23an.
•Maite Maiorak bitik bi garaipen
Iban Murua gizonezkoetan erakutsi duen adinako nagusitasuna erakusten ari da Maite Maiora emakumezkoetan. Hilabete luzez lesionatuta egon ostean, ez zuen Kopako lehen proban parte hartu, baina lasterketetara itzuli eta jokatu zuen lehen proban, Zegama Aizkorriko kilometro bertikalean, garaipen argia eskuratu zuen. Baita gaur ere. Erakustaldia eman du eta 38 minutu eta 23 segundoan ailegatu da San Inazioren estatuaraino. Ainhoa Lendinez elgoibartarrak egin du bigarren denborarik onena (41:50) eta Huarteko Maider Fraile sailkatu da hirugarren, 42:08ko denborarekin. Lendinez ere Bertikalen Kopa bikaina egiten ari da. Orain arteko hiru probetan birritan izan da bigarren eta Aizkorrin bosgarren postuan sailkatu zen.
3300 metro eta 825 metroko desnibela duen ibilbidea osatu behar izan dute gaur parte hartzaileek (ikus perfila eta track-a). 10:00etan atera da lehen parte-hartzailea Azpeitiko plazatik eta, haren ostean, 30 segunduro irten dira gainerako lasterkariak. (ikus sailkapen orokorra)
Euskal Herriko Lasterketa Bertikalen Kopa 2016
- 2016-05-07: Defi du petit train de la Rhune (Azkaine)
- 2016-05-20: Zegamako KB (Zegama)
- 2016-05-29: Zuzenien (Azpeitia)
- 2016-10-08: Anboto (Atxondo)
- 2016-10-23: Aratz (Araia)
ArgazkiK: urolakosta.hitza.eus eta lagunonakmb.org
Probako laburpen bideoa (ThekiThenis motorsport)