Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldea 32 etapatan zeharkatuko dituen ibilbidea da 2016 Bidea. Hiria eta mendia tartekatuz, natur eta arte balio esanguratsua duten tokietatik igaroko da. Bidea egiteko antolatuko diren irteeretan, naturaz eta kulturaz aldi berean gozatu ahal izango dute ibiltariek, ibilbidean jarduera kulturalak antolatuko baitira; bai hasieran, erdibidean edota amaieran. Domekero eramango dute mendizaleek DSS2016EUren lekukoa Euskal Herri guztian zehar, ia 600 kilometro luzetan. Donostia eta Zarautz arteko etaparekin hasi zen egitasmoa martxoaren 27an eta Pasaia eta Donostia arteko etaparekin amaituko da urriaren 30ean. Elgoibartik ere pasako da bidea.
Industria lurraldea izena izango du, ekainaren 5ean Elgetatik Elgoibarrera egingo den 2016 Bidea egitasmoko 11. etapak. Guztira 16,8 kilometroko etapa izango da (ikus ibilbidea mapan eta egitarau zehatza -PDF-)
•Izena emateko
2016 Bidea egitasmoan parte hartzeko izena eman behar da eta 150 pertsonek egin dezakete etapa bakoitza. Elgoibarren amaituko den etaparako izena emateko azken eguna ekainaren 3a (20:00) izango da, eta 7 euro ordaindu beharko dira (kudeaketa-gastuak kanpo: 1,09 euro). 2016bidearen webgunean eman behar da izena. Etapa Eibarko Untzaga plazatik irtengo da, udaletxe paretik, 09:00etan. Autobus zerbitzua ere egongo da.
•Kataiak ikuskizuna Herriko Antzokian
11. etaparen barruan herritar ororentzako irekiak izango diren bi ekintza kultural antolatu dituzte. Lehenik bisita gidatu antzeztua eskainiko dute Eibarren, 09:00etan, Antxintxiketan konpainia eta Ikasten konpainiek. Etaparen amaieran, berriz, Kataiak ikus-entzunezkoa eskainiko dute Herriko Antzokian, 16:30etik 17:00etara. Aitor Nova musikari elgoibartarrark sortutako ikuskizuna da Kataiak, eta Elgoibarko makina-erremintaren mendeurreneko ospakizunen barruan eskaini zuten estreinakoz, 2014an, Makina Erremintaren Museoan. Musika, museoko makinen hotsak eta enpresetan grabatutako irudi zein soinuak uztartu zituen ikuskizun honek, makina-erremintaren iragana, oraina eta etorkizuna irudikatuz. Oraingoan Herriko Antzokian eskainiko dute.