Sanloko taldeek ez dute zorterik izan asteburuan jokatutako finaletan

Barren.eus 2016ko mai. 30a, 13:37

Hiru titulu irabazi eta mailaz igotzeko aukera izan dute Sanlo Eskubaloi Kirol Taldeko lau taldek joan den asteburuan, baina partida guztiak galdu dituzte. 

Sanloko hiru taldek Gipuzkoako Kopako finalak jokatu dituzte asteburuan eta galdu egin dute hirurek. Tecnifuelle Elgoibar jubenil nesken taldea esku hutsik itzuli zen Donostiatik, Bera Bera taldearen aurkako finala 31-24 galduta. Kadete mailetako Pneumax eta Deca taldeek zaleen aurrean jokatu zituzten finalak zapatuan, Olaizaga kiroldegian, baina hauek ere ezin izan zuten garaipenik lortu. Pneumaxek gol bakarreko aldeaz galdu zuen (29-30) Ereintzaren aurka eta Decak, berriz, 26-30 Zarautzen aurka. 

Gabaz, igoerarik gabe

Senior gizonezkoen bigarren taldeak, Gabazek, Bigarren Nazional Mailara igotzeko Final Fourra jokatu du asteburuan Muskizen, baina hauek ere esku hutsik itzuli dira. Pasaiako Donibane taldearen aurka jokatu zuten finalaurrekoan 28-29 galdu zuten zapatuan, eta igoerarik gabe geratu ziren. Final Fourreko hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuten domekan, Eibarko Haritza taldearen aurka, eta jokoan ezer ez zegoen arren, partida hori ere galdu egin zuten (29-22). Edonola ere, denboraldi aparta egin dute bai Gabazek eta bai Gipuzkoako Kopako finalera ailegatu diren Sanloko gainerako taldeek ere, eta, Sanlok ekainaren 11rako antolatu duen Sanlo Festan ospatu eta partekatu ahal izango dituzte denboraldiko lorpen eta bizipen guztiak, Sanloko gainerako talde eta lagunekin batera. 

2016 05 29 gabaz finalfour elgoibar sanlo muskiz

•Laukoren partida garrantzitsua Gipuzkoako Kopan

Mailari eustea lortu eta gero, Gipuzkoako Kopa jokatzen ari da Lauko, senior emakumezkoen taldea. Sei jardunaldi jokatu ostean, sailkapeneko lehen postua daude elgoibartarrak, eta bigarren postuan dagoen Ereintza taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak, datorren asteburuan jokatuko den jardunaldian.