Eta iragarrita zegoen arren (iragarrita baitzegoen), lasaitu egin ginen denok, korrikalariak nahiz ikusleak. Bi orduren buruan iritsi ziren aurreikusitako haizeak, euriak eta hotzak. Kalean harrapatu izan bagintu, gaitzerdi; baina Aratz-Aizkorriren maldetan ginen, ausarki korrika, eta berriz ere, mendiak bere legea ezarri zuen. Ni neu ere gona motzetan harrapatu ninduen lagunaren zain Aizkorrin, eta autoan ahaztutako galtza luzeez oroitu nintzen. Baina Alberto Zerainek egun batzuk lehenago Dhaulagirin pasako zuen hotzaz ere gogoratu nintzen. Eta iaz lagun batekin izandako eztabaida etorri zitzaidan gogora: mendi lasterkariak mendizaleak ote dira? Korrikalari asko ikusi nuen igandean Zegama-Aizkorrin; mendizaleak, ez horrenbeste. Zorionak amaitu zutenei, eta zorionak lasterketa utzi zutenei. Tontorra pastelaren ginda dela esan zuen behin Ochoa de Olzak, eta gindarik gabe ere, pastel osoa jan litekeela. Gure esku egon izan balitz, eguzkia erosiko genuen iganderako, baina zorionez, mendia eta eguratsa ez daude gizakiaren esku. Haserre zen Aizkorri igandean. Ohiko bakea hausten ari gintzaizkiolako zela ere pentsatu nuen tarte batez, hezurretarainoko hotzak ere ez baitzituen isildu Aizkorriko oihu eta zintzarriak. Hori bai epikoa. Mendian oihu egitea zatarra dela esaten ziguten txikitan, mendiarekin adeitsu izateko, isilik joan behar genuela. Ahaztu egin nuen igandean, eta ni neu ere munduko afizio onenaren parte izan nintzen, eztarria urratzeraino. Ikasbide ezin hobea izan da 2016ko Zegama-Aizkorri: munduko mendi-lasterketa onena. Mendikoa. Eta mendiak beti jarriko gaitu zorionez geure lekuan, gaur ez bada, bihar.