Ahotsak

Baltasar pilotariaren ostatua eta Elgoibarko lehenengotariko autoa

Barren.eus 2016ko mai. 31a, 14:48

Pilotari handia izan zen Francisco Arano “Baltasar”, XX. Mende hasieran. Gero sortu zuten Baltasar Pilota Elkarteak ere bere izena darama. Julen Iriondok umetan ezagutu zuen "Patxi Polon" (Patxi Arano) eta sekula ez zuen ahaztu nola lagatzen zion bere autora igotzen, herriko lehenengotariko autora, hain zuzen ere. Baltasarren ostatua ere akorduan dauka Iriondok. Han, diligentzia eta saltzaileen orgak hartzen zituen. (bideoa dauka)

ahotsak elgoibar baltasar sustarra iojanguren Julen Iriondo Bergaretxeren (Elgoibar, 1920-2014) etxe parean zuen Francisco Arano “Baltasar” pilotariak kotxearentzako garajea, eta gertutasun haren ondorioz izan zuen haren berri. Patxi Polon gisa ezagutzen zuten. “Guk Baltasar ez giñun esaten. Baltasar gero pelotazaliek eta ipiñi ziuen, ez dakit nondik nora. Pelotarixa zan. Zagerua, ona… kuadrau-kuadraua, mutil haundi bat”, gogoan du. 

Pilota kontuek baino gehiago, ordea, Baltasarrek zuen autoak txunditzen zuten Iriondo ume koskorra. “Garai hartan bi edo hiru automobil egongo zian Elgoibarren, eta bat Baltasarrek. Kotxia zaukan, baina nondik nora? Zeatik?", kotxerik apenas ezagutzen zuten ume baten buruan galdera horiek pilatzen ziren. Ez zen edonolako autoa, gainera. "Farol bi, baserritxarren farolak, gabian jun bihar zabanian zabaldu [farolak} poxpoluakin su eman, eta, han, Patxi bajiek. Garajia zaukan hamentxe gertu, eta esaten giñun, ‘Patxi, barruraino?’. ‘Bai, sartu’, esaten zigun. Sartu garajera eta gu gustura, automobilian ibiltzeko pixkat”. 

•Ostatua plaza ondoan

Baltasarrek izan zuen ostatua ere akorduan dauka Julen Iriondok ahotsak.eus egitasmoan bideoan jasota dauzkaten bizipenetan. “Plaza ezkinan bizi zan, eta orduan egoten zian karreteruak, ‘vengo de Vitoria con mi carrito’ kantuan etortzen zianak. Horrèk diligientzia danak hartzen zitxuan gabian Baltasarrek. Korta handi bat zaukan, zaldixak eta mulak sartu barruan eta jaten eman, ura eman, eta zaintzen zitxuan. Ostatua zeukan. Hori izango zan haren negozioa”. 

Francisco Aranok eman zion izena gero sortuko zen Baltasar Pilota Elkarteari. Izan ere, bera bizi zen etxe azpian egin zuten Baltasar Elkartea. Baltasar 1887an hasi zen pilotan jokatzen, baina 1892-1908 urte bitartean lortu zituen garaipenik handienak. Logroñon jokatu zuen azken partida, 1928. urtean. Hona hemen Julen Iriondoren testigantza, bideoan:

Sarrera gehiago, ahotsak.eus barren.eus atarian: hemen eta hemen