Poza azaldu du 2-dean taldeak Iban Fernandezen erronka solidarioaren balantzea egiteko orduan. Alde batetik, Iban Fernandezen ahalegina goraipatu du; bestetik, Elgoibarko herriak erakutsi duen elkartasuna txalotu du. "Iban 2-dean ekimena antolatu dugun guztion partez eskerrak eman nahi genizkioke Elgoibarko eta inguruko herriei! Oso pozik eta hunkituta gaude jaso dugun babesarekin".
Beste behin ere, nabarmentzekoa da jendeak errefuxiatuek bizi duten tragediarekiko elkartasuna. Izan ere, guztira 233 kilometro saldu zituzten erronka solidariorako (48 internet bidez eta 185 kalean zuzenean) Salmenta horrek 5.825 euro biltzea ekarri du. Horrez gain, saldutako metro eta salda eta pintxoaren trukean borondatez emandakoaren artean 516 euro gehiago lortu zituzten asteburuan.
Bildutako 6.341,60 euroak Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) elkartera bideratu dituzte. Ekarpen horren bitartez SMH elkartea Greziako Chios uhartean egiten ari den lanarekin jarrai dezan nahi du 2-dean taldeak. Diru horrek "errefuxiatuei beraien samina pixka bat arintzeko" balioko du taldekideen arabera.