CD Elgoibarko Ohorezko Infantilen taldeak Gipuzkoako txapelketako 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatu zuen Donostiako Kostkas taldearen aurka, aurreko asteburuan, Zumaian. Arauzko denbora banakoarekin amaitu ondoren, penaltietan nagusitu ziren elgoibartarrak. Garaipen horri esker eskuratu dute Euskadiko Txapelketa jokatzeko txartela. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko bederatzi talde onenek hartuko dute parte, Euskadiko XXXV. Eskolarteko Kirol Jokoen barruan, Lezaman jokatuko den txapelketan.
Gipuzkoako ordezkariak Antiguoko, Tolosa eta Elgoibar izango dira. Bizkaitik Athletic, Danok Bat eta Barakaldo sailkatu dira. Azkenik, Arabatik, Deportivo Alaves, Lakua eta Aurrera de Vitoria taldeak.
Hiru multzotan banatuta lehiatuko dira eta elgoibartarrek Athletic eta Arabako lakua taldeak izango dituzte aurkari A multzoan (ikus partidak eta ordutegiak -PDF-). CD Elgoibarko entrenatzaile Pedro Santiagoren berbetan maila handia erakutsi du taldeak denboraldi osoan eta izen handiko taldeen aurretik sailkatzea lortu dute. “Ez dut gogoan horren hurrun iritsi den infantil mailako talderik CD Elgoibarren”, azaldu du. Lezaman jokatuko duten txapelketa sari modukoa dela jokalarientzat esan du eta ikastera eta ondo pasatzera joango direla. Taldeko jokalarien gurasoek izan duten jarrera eta taldearen alde egin duten lana ere goraipatu ditu Santiagok. “Babes handia izan dira denboraldi osoan eta merezi dute aitortza”, esan du.
•Infantil Txiki taldea txapeldunorde Kopan
CD Elgoibarrek duen infantil mailako beste taldeak ere, Infantil Txikik, denboraldi aparta egin du eta Kopako finalera ailegatzea lortu zuten. Debako futbol zelaian jokatu zen finala aurreko asteburuan, baina elgoibartarrek ezin izan zuten titulua eskuratu, 1-0 galdu zuten-eta Oiartzun taldearen aurka.
•Paella jan arrakastatsua
Futbol denboraldia amaitzeko paella jana egin zuen CD Elgoibarrek, eta 300 bat lagun batu ziren Maalako parkean. Bazkalostean denboraldiko talde eta jokalari onenen sariak banatu zituzten, eta giro ezin hobean pasatu zuten eguna. Aurtengo denboraldia ixteko, CD Elgoibarrek ekainaren 23an egingo du urteko batzar orokorra, 19:00etan hasita, Kultur Etxeko hitzaldi gelan. Lau urteko agintaldiaren ondoren, bere lana amaitutzat eman du gaur egungo zuzendaritzak. Urteko balantze ekonomikoa eta kirol balantzea ere aurkeztuko dituzte.