Gipuzkoako harrera familien elkartea da Beroa. Urtero Elkarbizitza Jardunaldi bat antolatzen du lurraldeko herri batean, eta aurten Mendaro aukeratu du 11. Jardunaldia egiteko. Harrera familiek haien bizipenak partekatuko dituzte jardunaldi horretan, eta sortutako kezkak argitzen saiatuko dira. Familia biologikoaren presentziak eragiten dituen beldurrak jorratuko dituzte jardunaldietan, eta beste zenbait gai (oreka familiarra, nerabezaroa, dolua kudeatzea, komunikazioa, eta abar). Gai horiek lantzeko Psikolagun kabinetearen laguntza izango dute. Aurreko edizioetan, jardunaldia bereiztuta pasatzen zuten umeek eta nagusiek, baina aurten denek batera bazkalduko dute Aizpe elkartean eta jolas kooperatiboetan elkarrekin jardungo dute.
Une honetan, Gipuzkoan 361 haur eta gazte daude harrera egoeran. Haien jatorrizko familiekin bizi ezin diren haurrak dira, beste familia batekin bizi direnak. Idurre Arakistainek, familian harrerako bi ume dituen mendaroarrak, bere esperientzia kontatu dio BARREN aldizkariari. Ikus hemen: BARREN 995. zenb. –PDF-.