Lauko Elgoibar Gipuzkoako Kopako txapeldun

Barren.eus 2016ko eka. 6a, 10:09

Gipuzkoako Kopa irabazi du Lauko Elgoibarrek, Sanloko senior emakumezkoen taldeak. Laukok 29-21 irabazi zion finalean Errenteriako Ereintza Barymont taldeari.

Lauko Elgoibar taldearen denboraldiak bata bestearengandik oso desberdinak izan diren bi zati izan ditu, gaziagoa lehena eta gozoagoa bigarrea. Lehen zatian liga txapelketan lehiatu ziren Zilarrezko Ohorezko Mailan, eta ia azkenera arte borrokan aritu ziren mailari eutsi ahal izateko. Bigarren zatian, aldiz, garaipenez garaipen ibili dira Gipuzkoako Kopan. Zazpi talde lehiatu dira Kopan, ligaxka eran –partida nakarrera- jokatu den txapelketan. Zazpi jardunaldiren ostean, Laukok eskuratu zuen sailkapeneko lehen postua. Sei partida irabazi eta bakarra galdu zuten elgoibartarrek. Galdu zuten partida bakarra joan den zapatuan jokatu zuten Elgoibarren, Errenteriako Ereintza Barymont taldearen aurka (26-28). Emaitza horrekin sailkapeneko lehen eta bigarren postuetan amaitu zuten elgoibartarrek eta errenteriarrek, eta bi taldeok jokatu zuten Gipuzkoako Kopako finala atzo, Donostiako Bidebideta kiroldegian. Aurreko eguneko porrota ahaztu eta Laukok nagusitasunez lortu zuen garaipena, 29-21 emaitzarekin. Hala, Sanloko behe mailako taldeek aurreko asteetan lortu ezin izan duten titulua eskuratu dute senior emakumezkoek. 

•Sanloko jokalariak Gipuzkoako selekzioarekin

Kadete eta gazte mailako Hego Euskal Herriko eskubaloi txapelketa jokatu zuten zapatuan Oñatin, Urretxun eta Zumarragan. Sanloko hainbat jokalarik Gipuzkoako selekzioarekin hartu dute parte txapelketa horietan, eta emaitza onak lortuz gainera. Kadeteek Oñatiko Zubikoa kiroldegian jokatu zituzten partidak eta nesketan Gipuzkoako selekzioa gailendu zen eta Bizkaikoa mutiletan. Nesken selekzioan Sanloko lau jokalari zeuden: Nerea Lizarraga, Nora Rodriguez, Maddi Goñi eta June Beitia. Mutilen selekzioan, berriz, Iñigo Elustondo eta Jon Ortega izan ziren Sanloko ordezkariak.

Zumarragan jokatu zen jubenil mailako txapelketan ere izan zen Sanloko ordezkaririk. Amaia Rubio eta Maria Balzategik garaipena eskuratu zuten Gipuzkoako selekzioarekin eta bigarren postua lortu zuen Aitor Garciak mutilen selekzioarekin. 

gipuoako selekzioa onatin sanlo elgoibar