Bisita gidatua Kalamuara domekan, gerrako frontea ezagutzeko

Barren.eus 2016ko eka. 7a, 09:24

1936eko Gerran Kalamua aldean izandako borrokaldien eta erasoaldien berri emateko asmoz, ibilbide gidatua antolatu du Ahaztuen Oroimena Elkarteak domeka honetarako.

Ahaztuen Oroimena elkarteak ibilbide gidatua antolatu du domeka honetarako, Kalamua aldera. Izan ere, 1936eko gerran, erasoaldi gogorrak izan ziren zazpi hilabetez, bai frontea egonkortu aurretik bai ondoren. Ibilbidea 09:30ean abiatuko da ibilbidea Usartzatik (Eibar). Usartza-Akondia-Garagoiti-Tomas Meabe aterpetxea-Diruzuloko tumulua-Max-Kalamua ibilbidea egingo dute. Gero handik berriz Usartzara.

Ahaztuen Oroimena elkarteak eman ditu ibilbidearen inguruko azalpenak: “Usartzatik abiatu eta gudariek posizioetara igotzeko sortutako bidetik Akondiako gaina izango da lehenengo jomuga. Han, kokapenez gain, gabon betean, San Esteban egunaren bezperetan Amuategikoek frankistekin egunkari trukea egiteko akordioaz jardungo dugu, edo urteetara jarri zuten gurutzearen jatorriaz…. Garagoititik igaro eta handik, frankisten aginte postu nagusia ikusiko dugu Kalamuako lautik. Lau honetan, gorago, Eibarko sozialistek eraiki zuten aterpetxea eta frontoiaren azken aztarnak ikusi ondoren hegaletik, diruzulo dolmenaren ondotik, parlamentutik igaro eta Maxeko posizioetara iristean bertako ezaugarrien azalpenak eskainiko dira. Kokapen horietan, Celtakoak eta Sasetakoak, San Andreskoekin batera nola borrokatu zuten ulertu ahal izango dugu; handik Kalamua gainera joko dugu, kokapen altuenak ezagutu eta poliki poliki beheranzko bidea hartu eta Usartzara jaisteko”.

Inguru haietan Celta batailoiko Manuel Aguete eta Antonio Aguete anaiak hil ziren. Haien ilobak ibilbide gidatura etorriko dira Galiziatik, haien osaba biak zein lekutan hil ziren bertatik bertara ezagutzera.

Celta batailoiaz gain, ELA-STV sindikatuaren San Andres eta Saseta batailoi abertzaleek ere eutsi zioten posizio haietan. Kepa Ordoki San Andres batailoiko konpainia bateko buruzagiaren senitartekoak ere etorriko dira.

Ibilbidearen ostean bazkaria egingo dute Barinagan (Markina), 15:00etatik aurrera.

 

2016 06 07 kartela