Elgoibarko Udalak martxoan atera zuen Sigmako josteko makinatik N-634 errepidea zeharkatzen duen oinezkoen pasabidea exekutatzeko lizitazioa. Proiektuaren lizitazio aurrekontua 247.684 eurokoa zen (BEZ sartu gabe) eta Morga S.L. enpresari esleitu zaio 201.426 eurotan (BEZ sartu gabe). Exekuzio epea, berriz, lau hilabetekoa da.
Pasabide berria, egitura aldetik aurreko legealdian Olason egindako pasabidearen antzekoa izango da, eta igogailu bat izango du. Igogailu hori, bestalde, hiru leku desberdinetan hartu ahal izango da, hain zuzen ere, “pasabidearen goialdean, autobus geltokiaren ondoan, eta Sigmako probalekuan dagoen aparkalekuan, hortxe bukatuko da-eta igogailuaren ibilbidea”.
•Ingurua berritzea
Pasabide berriaz gainera, autobus geltokiaren ingurua berrituko da, baldosa eta baranda berriekin. Gainera, gaur egun bertan dauden hormigoizko hormatxoak kendu eta irleta antzeko bat jarriko dute.
•Lan programa
Hasiera bateko lanen epea 4 hilabetekoa izango da, nahiz eta Udalaren aurreikuspenen arabera “epea zenbait aste murriztuko den”. Hasita daude dagoeneko obrarekin. Pasabidea, baina, uztailaren hasieran kentzea aurreikusten dute, Gipuzkoako Diputazioarekin koordinatu ostean. Inguru honetako bizilagunek bidegurutze seinalizatu bat edukiko dute errepidea gurutzatu ahal izateko.
•Autobus geltokia
Pasarela aldatzeko obrak aste honetan hasi dira, eta momentuz autobus geltokiari eragiten ez dioten arren, datorren astetik aurrera, autobus geltokia Santa Ana kaleko biribilgunera pasatuko da, 15 zenbakidun peoraren parera. Behin bidaiariak jaso ondoren, autobusa errepidera bueltatu eta ohiko ibilbidea egiten jarraituko du.
∞Lotura duten albisteak: