Pitxintxu dendara ia 50 lagun elkartu ziren joan den maiatzaren 25ean. Idazle noiztik diren, idazle izatea bera zer den, bizitzeko idaztea beharrezko ote duten... galdetu zien Unai Villena moderatzaileak hiru idazle elgoibartarrei. Besteak beste, Jasone Osorok esan zuen gaztetan konturatu zela emozio eta sentsazioak paperean jartzeak bere burua eta errealitatea hobeto onartzen laguntzen ziola, eta horiek kanporatzea behar duela bestela barrua zulatzen diotelako. Uxue Alberdik ere esan zuen berak bizitzeko espresatzea beharrezko duela eta Danele Sarriugartek bere buruarekin baketzeko bidetzat jo zuen idaztea.
•Literaturak herrian elkartuta
Elgoibar eta literaturaren arteko lotura ere izan zuten hizpide Hiru idazke, bertakoa eta unibetsalaren artekoa izeneko solasaldian, azken aldian herriak idazle asko eman dituelako. Horren harira, Uxue Alberdik esan zuen Elgoibartik joandakoan konturatu zela herrian bazeudela beste toki batzuetan ez bezalako baldintzak literaturara gerturatzeko: bertso eta idazlan lehiaketak, Laiotz aldizkaria, Urruzuno literatur taldea... Elgoibarko Izarrak egindako lana eta Institutuan jasotakoa ere aipatu zituen. Beste literatur zale batzuekin elkartu eta literaturaz hitz egiteaz gain, nor bere lanak partekatzea motibazio ere bazela esan zuen. Mahaiaren bueltan hiru emakume egonik, emakumezkoen eta literaturaren arteko loturaz ere aritu ziren. Bizi garen gizartean emakumeak esparru publikora ateratzea zailagoa dela esan zuen Danele Sarriugartek, eta hirurek bat egin zuten esatean demostratu eta justifikatu egin behar izaten dutela hor daudela idazle direlako ez emakume direlako bakarrik. Bukaeran, jakinarazi zuten Danelek eta Uxuek eleberri banarekin ari direla lanean eta Jasonek, gazteen literaturari helduko diola berriz.
Ikus honako bideoan mahai-ingurua osorik: