Biraka power! Gure indarra! dantza ikuskizunerako sarrerak salgai daude Pitxintxun hiru eurotan. Lau eta 32 urte arteko 175 dantzari arituko dira saio bakoitzean. Balleta eta dantza modernoa jorratzen dituen Biraka taldea Josu Mujika elgoibartarrak zuzentzen du eta Eibarren, Elgoibarren eta Mendaron ematen dituzte eskolak taldeko hamar irakasleek, hiru herrietan guztira ia 400 ikasle baitaude. Gaur gauean, 22:00etatik aurrera, Mendaron eskainiko dute saioa, Goñati pilotalekuan.
•Dantza indar iturri
Biraka Power! Gure indarra! deitu diote aurtengo ikuskizunari. “Edari energetikoetan oinarrituta prestatu dugu. Besteak beste adierazten du edari horiek bezala dantzak guri ere indarra ematen digula”, dio Josu Mujikak. Dantza guztiak –20 guztira– ideia horren bueltan egingo dituzte eta elkarren arteko koherentzia izango dute. “Musika aldetik ere gaur egun entzuten direnak erabiliko ditugu. Erritmo biziak eta geldoak elkarrekin nahastuz”. Eibarren eskainitako emanaldietako sarrera guztiak agortu ziren. Josu Mujikaren esanetan, “gurasoak ez ezik bestelako herritarrak ere joaten dira ikustera, ezagunak ez eduki arren jaialdia gustatzen zaielako. Urtero dantza saioa goitik behera aldatzen dugu eta aurtengoa ere gustatzea espero dugu”.