Nora Kortaberriak Eskubaloiko Munduko Junior Txapelketa jokatuko du Errusian

Barren.eus 2016ko eka. 10a, 15:16

Junior mailako Munduko Eskubaloi Txapelketa jokatuko da uztailaren 2tik 15era Moskun (Errusia). Espainiako selekzioak Polonian lortu zuen Mundiala jokatzeko sailkatzea, eta Nora Kortaberria elgoibartarrak Sagrario Santana hautatzailearen deia jaso du. Ekainaren 19an hasiko dira txapelketa prestatzen, Guadalajaran.

Nora Kortaberri Bilbao elgoibartarrak Munduko txapelketa jokatzeko azken deialdian egoteko itxaropenak zituen arren, atzo jaso zuen baieztapena. "Espainiako selekzioarekin prestaketa partida batzuk jokatu nituen joan den astean, eta egia esan ez nuen nire mailarik onena eman. Hortaz, ez neukan erabat argi deituko ninduten ala ez, baina atzo jakinarazi zidaten eta poza emjan dit berriak, Munduko Txapelketa bat jokatzeko aukera izatea handia baita". Espainiako hautatzaile Sagrario Santanak hamasei jokalari deitu ditu, tartean zazpi euskal herritar. "Une honetan hemen dugun maila erakusten du horrek. Gainera, berezia izango da txikitatik aurkari izan ditudalako ondo ezagutzen ditudan euskal jokalariekin batera Munduko Txapelketa bat jokatzea", azaldu du Kortaberriak.

Errusiako hiriburu Moskun jokatuko da junior mailako mundiala, uztailaren 2tik 15era bitartean. Espainiako selekzioa ekainaren 19an hasiko da mundiala prestatzen, Guadalajara egingo duten kontzentrazioan, eta uztailaren 1ean joango dira Errusiara. Hortaz, Kortaberriak hilabete inguru egin beharko du etxetik kanpo.

C Multzoan lehiatuko da Espainia, Errumania, Alemania, Kazakhstan, Argentina eta Egiptorekin batera. Espainiak Argentinaren aurka jokatuko du estreinako partida, uztailaren 3an.

Denboraldi amaiera gazia izan da Kortaberriarentzat, Ohorezko Mailari ezin izan diolako eutsi Aiala Zarautz eskubaloi taldeak.

 

Lotura duten albisteak: