Jovino Martinez Sierra arkitektuari esleitu diote Aita Agirre eraikina birgaitzeko proiektua. Guztira zazpi talde aurkeztu ziren lehiaketara. Epaimahaiaren iritziz, arkitektu eta doktore honek egindako proposamen teknikoa bigarren onena izan da eta proiektua erredaktatzeko eskaintza ekonomikorik onena eskaini du (55.000 euro, BEZ gehitzeke).
Planteatutako lana ondo ulertu du Jovino Martinez Sierra arkitektuak, epaimahaiaren arabera. Elgoibarko herria eta kultur zein kirol ekipamenduak aztertu ondoren, lizitazioan eskatutako beharrei aurre egiten jakin duela ere nabarmendu du.
Aita Agirre eraikineko barne-distribuzioan berrikuntza ausartak planteatu ditu arkitektuak. Horrez gain, eraikinaren konposizioa eta ingurunea erabat errespetatu ditu, beti ere epaimahaiaren arabera. Hala ere, aukeratutako den proposamenak seguruenera zenbait aldaketa izango ditu praktikan, gauzatzen joan ahala sortuko diren behar berriei aurre egiteko.
Proiektuak urte bukaerarako erredaktatuta egon beharko du, eta lanak 2017 urtean hasiko dira. Aita Agirreko eraikina berritu ondoren, Elgoibarko kultur-ekipamenduak han egongo dira, Altzolako Dorretxearekin batera.
•Partaidetza prozesua
Aita Agirre eraikina etorkizunean zer izango den hobeto definitzeko, partaidetza prozesuari berrekingo diola iragarri du Elgoibarko Udalak, eta prozesua proiektuaren lehen azterketak hasteaz batera hasiko dela. Egitasmoan parte hartuko duten elkarte guztiekin bilduko da, premiak nola berrikusiko dituzten azaltzeko, existitzen diren beharrak zeintzuk diren jakinarazteko eta elkarteen zalantzak argitzeko. Era berean prozesu horrek eraikinean izango den kultur programazioa zehazteko balioko du.
Martinezek Asturiasko Arkitektura Kolegio Ofizialaren Asturias Saria irabazi zuen. Estatu mailako zenbait lehiaketetan ere irabazle izan da. Bere lanak zenbait aldizkaritan argitaratu dituzte. Bere lanik esanguratsuenak Somioko Altzaioruzko Etxea, Avilesko Zentro Teknologikoa eta Sama de Langreoko Felguerosoko zinemaren birgaitzea dira.
- Udal Gobernua: “Kultur guneak berrantolatzeko parte-hartze prozesua herritar guztiei zabalik dago” (2014-07-08)
- EHBilduk ezinbestekotzat jotzen du udalaren kultura politika zehaztea (2014-06-26)
- Aita Agirreko eskolaren etorkizuna definitzeko parte hartze prozesua abian jarriko du Udalak(2014-04-01)
- Anbulatorioa Plaza Txikira? (2010-05-21)
- Izenez txikia baina izatez handia dela erakutsi du Plaza Txikiak (2010-10-04)
- Plaza Txikia eta inguruak asfaltatzeko lanak hasi dituzte (2007-01-31)