Mintxetako BTT zentroa denboraldi baterako itxiko dute

Barren.eus 2016ko eka. 13a, 12:40

Debabarreneko BTT zentroa ixtea erabaki dute, denboraldi baterako, berrazterketa bati ekin eta produktuari bultzada berria emateko asmoz. Irekiera data oraindik zehazteke dago.

Zortzi urteko funtzionamenduaren ostean, denboraldi baterako ixteko erabakia hartu dute Debabarreneko BTT zentroa inplikatutako erakundeek. Debegesa garapen agentziak kudeatzen du 2008az geroztik, Basquetour eta Elgoibarko Kirol Patronatuaren laguntzaz. Itxiera behin-behinekoa izango da.

Itxiera honen bidez, “kirol eta turismo produktu honen berrazterketa eta egokitzapena” egin nahi dutela adierazi dute, etorkizunean berriro ere abian ipini eta bultzada berri bat emateko.

Bien bitartean, “BTT Zentroaren kudeaketa eta dinamizazio eredua berraztertu egingo da, produktu turistikoaren eremuan emaitzak hobetu, beharrezko diren baliabideen eraginkortasuna lortu eta lankidetza berriak bilatze aldera”, jakinarazi du Debegesak.

Garapen agentziaren arabera, zenbait faktorek zaildu egiten dute ibilbideen mantenimendua: alde batetik orografia malkartsuak eta bestetik mendiko beste erabilera batzuek (basogintzak, kirol jarduerek eta motordun ibilgailuek esaterako). Debegesak beharrezko jo du ibilbideak berrikustea, haien kalitatea bermatu ahal izateko. Hausnarketa prozesuaren bilakaerak eta lor daitezkeen lankidetza berriek baldintzatuko dute irekiera”, gaineratu du.

Zentroa itxita egongo bada ere, Elgoibarko Kirol Patronatuak jakinarazi du bizikletak garbitzeko guneak zein dutxa eta aldagela zerbitzuak erabiltzeko aukera izaten jarraituko dutela BTT zaleek, ohiko ordutegian.

Debabarreneko BTT Zentroak 15 ibilbide eta balizatutako 250 kilometro baino gehiago ditu.

Debabarrena BTT 2015 elgoibar

Lotura duten albisteak: