Fuente De-ko zazpigarren kilometro bertikala jokatu dute gaur goizean Europako Mendietan eta Kilometro Bertikalen Espainiako Txapelketa ere bazen aurtengo proba. 300 korrikalari inguruk hartu dute parte eta Oriol Cardona kataluniarra izan da azkarrena, 33 minutu eta 33 segundoko denborarekin. Bi euskal lasterkarik osatu dute podiuma. Imanol Goñik egin du bigarren (34:35) eta Iñigo Larizek eskuratu du hirugarren postua, 34:49ko denborarekin (ikus sailkapena). 2013an eta 2014an Fuente De-ko kilometro bertikala irabazitakoa da Lariz. Aurten ibilbide berria estreinatu dute parte hartzaileek eta aurrekoa baino ibilbide bertikalagoari egin behar izan diote aurre, ibilbidea moztu arren, lehengo desnibel berdina gainditu behar izan baitute, 2,6 kilometroan 972 metro, alegia.
Emakumezkoen proban Maite Maiora mendaroarra nagusitu da, 39 minutu eta 46 segunduko denborarekin. Lesiotik sendatu eta lehiaketara itzuli zenetik garaipenez garaipen dabil igoera bertikaletan. Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala irabazi zuen lehenik, Zuzenien kilometro bertikala gero, eta igoera bertikalen Espainiako txapelketa orain. Paula Cabrerizok egin du bigarren gaur Fuente De-n, Maiorarengandik 45 segundora. Vanesa Ortega sailkatu da hirugarren postuan, irabazlearengandik bi minutu eta lau segundora. Ainhoa Lendinezek ere hartu du parte txapelketan, estreinako aldiz euskal selekzioa ordezkatuz, eta seigarren postuan sailtatu da, 45:25eko denborarekin.
*Argazkiak: Club Atletiko Km. Vertical Fuente De.