Ekigain jaiarekin egingo zaio ongi-etorria udari Sallobenten

Barren.eus 2016ko eka. 20a, 11:40

Ekigain jaia antolatu du Elgoibarko Izarrak, bigarren urtez, udari ongi-etorria egiteko. Suak, urak, naturak, jan-edanak, dantzak eta musikak jai-giroan bat egingo dute urteko egunik luzeena ospatzeko, martitzen honetan, hilaren 21ean, Sallobenten.

Elgoibarko Izarrak, Udalaren diru-laguntzarekin bigarren Ekigain jaia antolatu du ekainaren 21erako, Sallobente-Ermuaranen udari ongi-etorria egiteko. 

19:00ean Maalako parkean elkartu eta Sallobente-Ermuaranera joango dira oinez eta kalejiran (oinez joateko aukerarik ez dutenentzat, hitzordua 20:00etan izango da Sallobente-Ermuaranen). Han 20:30ean afari-merienda egingo dute (jatekoa norberak eraman beharko du, baina edariak eta postrea –krepeak– erosteko aukera egongo da, apropos jarriko den txosnan). 

22:00etan sua piztuko dute eta suaren inguruan kantuan, dantzan, saltoka... ibiliko dira bertaratzen direnak. 23:00etarako iragarri dute etxerako buelta kalejiran, horregatik frontala eramatea gomendatu dute antolatzaileek. (ikus iazko Ekigain jaioko irudiak)

♦ Ekigain jaiaren egitaraua:

  • 19:00: Maalako parkean elkartuko gara, handik Sallobente-Ermuaranera joateko, oinez eta kalejiran.
  • 20:30: Afari-merienda. 
  • 22:00: Sua piztu, kantatu, dantzatu, salto egin...
  • 23:00: Etxerako bidea, oinez eta kalejiran.