2004 eta 2007 artean jaiotako umeentzako Eskubaloi Kanpusa antolatu du Sanlok, bosgarren urtez. Arrakasta handia izan zuen deialdiak eta berehala bete ziren eskaini zituzten plaza guztiak. Huescako Canfranc herrian izango da, eta bi txanda egingo dituzte: lehenengoa uztailaren 11tik 18ra, eta bigarrena, 18tik 25era. Besteak beste, mendi ibilbideak, jolasak, gaubelak, eta kirol ezberdinak probatzeko aukera izango dute umeek, euskal giroan. Horrez gain, han inguruan dagoen abentura zirkuitoa ere bisitatuko dute.
Kanpusari buruzko bilera egingo du Sanlok eguenean (ekainak 30), 19:30ean, Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi gelan. Umeek kanpusera eraman beharrekoak jakinarazteaz gainera, gurasoek hezitzaileak ezagutuko dituzte, eta edozein zalantza argitzeko aukera izango dute. Era berean, umeen osakidetzako txartelaren fotokopia bat eramateko eskatu diete gurasoei, tamaina originalean eta moztuta.
•Zuzendaritza berria
Bazkideen batzar nagusia egingo du Sanlok barixakuan (uztailak 1), 19:30ean, Kultur Etxeko hitzaldi gelan. Kirol eta ekonomia alorreko balorazioak egingo dituzte, eta datorren denboraldirako helburuen berri emango dute. Bazkide kuotaren zenbatekoa ere zehaztuko dute. Aurrekoez gainera, presidente eta zuzendaritza berria aurkeztuko dituzte.