Elgoibarko eta Eibarko udal kirol patronatuek adostu duten lankidetza akordioari esker, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuko bazkideek Eibarko Orbea Kiroldegiko igerilekua erabili ahal izango dute abuztuan. Izan ere, Olaizaga kiroldegia itxita egongo da abuztuan. Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, kiroldegiko zenbait instalazioetan mantentze eta garbiketa lan sakonak egin nahi dituzte. “Helburua, erabiltzaileei kalitatezko instalazioak eskaintzen jarraitzea da eta kirola modu osasuntsu, irisgarri eta seguruan praktikatzeko aukera bermatzea”.
•Bazkidetza egiaztatzen duen agiria
Eibarko Orbea kiroldegiko igerilekua erabili ahal izateko, interesatuek NANarekin batera, bazkidetza egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute. Agiri hori, uztailaren 30a baino lehen jaso beharko da Olaizaga Kiroldegiko edo Mintxetako harreran.
Orbea Kiroldegiko igerilekuak honako ordutegia izango du abuztuan:
- Astelehenetik barixakura: 09:00-13:00 eta 16:00-19:00
- Zapatuetan: 09:00-13:00
- Domeka eta jaiegunetan, itxita.