Istripua 20:10ean gertatu da.
Erretxindiko bizilagun batek esandakoaren arabera, irauli den unean zarata handia atera du kamioiak. “Etxean nengoen eta hegazkin bat jausten ari zela pentsatu dut atera duen zarata entzunda”. Ertzainek eta suhiltzaileek lagundu diote gidariari kamioi barrutik ateratzen. "Nahiko erraz eta azkar atera dute barrutik", azaldu du lekuko batek. "Eserita egon da bide bazterrean eta itxura batean nahiko ongi zegoela zirudien, baina anbulantzian eramateko mugitu dutenean sekulako garrasiak egin ditu". Kamioia Donostiako norantzan zihoan. Artaziarena egin eta zubia pasa aurretik hasi da iraultzen, eta zubia pasa eta gero gelditu da, beheko argazkiotan ikus daitekeen moduan. Suhiltzaileek kendu behar izan dituzte trafikoa oztopatzen zuten hodiak bidetik. Orduerdiz egon da moztuta bidea eta lau kilometro inguruko auto ilarak sortu dira.