Martin Hernandezek Espainiako txapelketa irabazi du 600 metrotan

Barren.eus 2016ko uzt. 12a, 15:41

Kadete mailako Espainiako Atletismo Txapelketa jokatu dute joan den asteburuan Granollersen. Mintxeta Atletismo Taldeko ordezkari Martin Hernandez Beitiak 600 metroko proban hartu zuen parte eta urrezko domina eskuratu zuen. Nerea Sasiain Urangak ere hartu zuen parte 300 metroko lasterketan, baina ez zuen finalerako sailkatzea lortu.

Denboraldi aparta borobildu du Martin Hernandez atleta gazteak. Kros lasterketetan emaitza ezin hobeak lortu zituen denboraldi hasieran. Gipuzkoako eta Euskadiko kros txapelketak irabazi zituen eta 16. postua eskuratu zuen Espainiako kros txapelketan. Gero, pista estaliko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen 600 metroko proban, eta txapeldunorde izan zen distantzia horretako Espainiako txapelketan, Oviedon. Antonio Carlos Fernandez Plata andaluziarrak segundo-ehunen bateko aldea atera zion Hernandezi, eta helmugako argazkiaren laguntzaz erabaki behar izan zuten irabazlea. 1:25.19ko denbora egin zuen irabazleak eta 1:25.20koa bigarrenak.

•Urteko helburu nagusia

Martin Hernandezen denboraldiko helburu nagusia, baina, aire libreko Espainiako Txapelketan emaitza on bat lortzea zen. Helburu horretara bideratu ditu ahalegin guztiak. Euskadiko txapelketa irabazi zuen lehenik Gasteizen, ekaineko azken asteburuan, 1.000 metrotan. Eta, joan den asteburuan jokatu da Granollersen kadete mailako 15. Espainiako Atletismo txapelketa. 600 metroko proban lehiatu zen Hernandez eta bera izan zen azkarrena finalean, 1:22.17ko denborarekin. Finala jokatu aurretik hiru finalerdi jokatu zituzten eta proba irabazteko hiru faboritoek sasoian zeudela erakutsi zuten.

Faboritoek ez zuten hutsik egin

Lehen finalerdia Elvin Josue Canalesek irabazi zuen, 1:26.59ko denbora eginda. Denboraldiko markarik onena (1:20.68) dauka Hondurasen jaiotako atletak. 

Bigarren finalerdian Antonio Carlos Fernandez Plata izan zen azkarrena, 1:25.70 denborarekin eta, azken finalerdian, Martin Hernandez gailendu zen, 1:25.85ko denbora eginda. Finalerako indarrak gorde zituzten hiru faboritoek, hiru segundo baino gehiagoan ondu zituzten-eta denborak. Finalean bosgarren kalean korritu zuen Hernandezek eta bera izan zen azkarrena (1:22.17). Sei ehuneko aldea atera zion bigarren egin zuen Elvin Josue Canalesi eta segundo bat baino gehiago hirugarren egin zuen Antonio Carlos Fernandez Platari (1:23.67). (ikus 2016ko Espainiako Txapelketako sailkapenak – PDF -) . 

•Kadete mailako inoizko hirugarren marka onena 

Lortutako garaipenarekin pozik itzuli da Martin Hernandez, eta are poz handiagoa eman dio lortutako markak (1:22.17). Kadete mailako Espainiako errekorretik gertu gelditu da. Axel Vivesek dauka 600 metrotako errekorra: 1:21.54. Marka hori 1996an lortu zuen Castellòn (Valentziako Autonomia Erkidegoa). Martinen aita Juan Carlosek azaldutakoaren arabera, marka hori lortzeko antolatutako lasterketa batean ezarri zuen errekorra, eta erbi lanak egin zituzten atleten laguntza zan zuen. Martinek egin duen marka txapelketa ofizial batean izateak meritu handiagoa daukala nabarmendu du. “Martinek Granollersen egin duen marka sekulakoa da, Espainiako inoizko hirugarren markarik onena da kadete mailan, eta Manuel Olmedo atleta ezagunak zuen marka ondu du, esaterako”, azaldu du Juan Carlos Hernandezek. 

Euskadiko errekorra ontzeko saiakera

Daukan sasoiari etekina ateratzeko asmoz, 1.000 metrotako Euskadiko errekorra, kadete mailakoa, ontzen saiatuko da Martin Hernandez, eguazten honetan, Tolosan, Gipuzkoako Atletismo federazioak antolatu duen lasterketan. 2:35.7an dago Euskadiko errekorra eta azken 40 urtean ez du inork hobetu. Martinen marka pertsonala 2:37.36koa da. Saiakeraren ostean, Espainiako Atletismo Federazioak Granadan, kirolarientzako errendimendu handiko zentro batean, antolatu duen lau eguneko kontzentrazio batean parte hartuko du. 

Nerea Sasiain finalera sailkatzetik gertu

Mintxeta Atletismo Taldeko beste ordezkari batek ere hartu zuen parte Espainiako txapelketan, Nerea Sasiainek, hain zuzen ere. Euskadiko txapelketan hirugarren postua eskuratu zuen 300 metrotan, 43.46ko denborarekin. Espainiako txapelketan 40 atletak hartu zuten parte 300 metroko proban, sei finalerditan banatuta. Serie bakoitzeko irabazleek eta gainerako bi denbora onenak egin zituzten zortzi atletak sailkatu ziren finalerako. Lehen finalerdian hartu zuen parte Nerea Sasiainek eta hirugarren egin zuen (42.43), bere marka pertsonala hobetuz. 

2016 07 10 martin hernandez mintxet elgoibar granollers miguelromero 2