Imanol Garaizabalek badu eskarmentua Europan jokatzen diren abentura raidetan. 2014. urtean Korsikako raidean hartu zuen parte eta sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratu zuen bost laguneko taldearekin batera. Iaz, berriz, hirugarren egin zuten Aranraid proban, Aran bailaran (ikusi Imanol Garaizabalek idatzitako kronika Mendibizizale blogean). Biak ziren raid proben Europako Ligarako proba puntuagarriak. Aurten, Ligako proba puntuagarria izateaz gainera, Europako Txapelketa izango da Kataluniako Pirinioetan jokatuko den raida. Hala, Europako raid talde onenak batuko dira Aranen, 31 talde orotara. Garaizabalek uste du euren benetako maila neurtzeko balioko diela proba honek. “Iaz akats gutxi egin genituen, eta are garrantzitsuagoa izango da aurten akatsik ez egitea. Edonola ere, akats gutxi egitea aurrean ibiltzeko nahikoa ez izatea ere gerta liteke. Alegia, azkarrago ere ibili beharko dugula. Hori bai, gure maila ematen badugu, non gauden ikusteko proba egokia izango da, Europako talde onenek parte hartuko baitute, Suediako indar armatuen talde indartsuak, besteak beste. Australian jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkapena lortzera datoz asko, eta lehia gogorra izango da”, azaldu du Garaizabalek.
Uztailaren 20an hasiko da proba eta Garaizabalen aurreikuspenen arabera, 85 bat ordu beharko dituzte amaitzeko. Urte guztian dihardu proba hau prestatzen eta entrenamenduez gainera, antolamendu eta aurre lan handia eskatzen ditu kirol honek bere berbetan. “Proban gaudela ez dugu laguntzarik jasoko eta beharko dugun janari eta material guztia guk prestatu eta eraman behar dugu”.
•Garaizabal, Iparraldeko Raid Ligen lidergoan
Imanol Garaizabal Iparraldeko Raid abentura Ligan (LINRA) ere parte hartzen ari da Euskal Raid-Aralar Kirolak taldearekin eta emaitza ezin hobeak lortu ditu orain arte, jokatu diren hiru probak irabazi dituelako. Errioxan, Lizarran eta Ibarran lortu ditu garaipenak. Azkena, I. Ibarraldea Abentura Raida, joan den uztailaren 2an jokatu zen Ibarran. Javi Guallar eta Aitor Zubiaaurre elgoibartarrek ere hartu zuten parte Ibarrako proban (informazio osoagoa eta argazkiak: ataria.info). Zortzi probek osatzen dute Iparraldeko Liga, eta Debabarrenako Raidaren bigarren edizioa izango da horietako bat, irail bukaeran.
•Debabarrena II. Orientazio Raida, irailaren 24an
Morkaiko mendi taldeak antolatuta, Debabarrenako II. Orientazio Raida jokatuko dute Elgoibarren, irailaren 24an. Mendiko kirola (trekking eta mendiko bizikleta) eta orientazioa uztartzen dituzte Raid probek eta antolatzaileek mapan markatutako ahalik eta puntu gehienetatik pasatu behar dute parte hartzaileek, zazpi orduko mugaren barruan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, maila guztietako parte hartzaileentzako egokia den ibilbidea diseinatu dute. “Mendian indartsu dabiltzanentzat zein hasi berrientzako aproposa da ibilbidea. Izan ere, Raid probetako ibilbideak ez dira itxiak. Parte hartzaile bakoitzak diseinatzen du bere kirol mailari hobekien datorkion ibilbidea, hartu nahi dituen puntu kopuruaren arabera”. Iaz moduan, proba bereziak izango ditu Elgoibarren egingo duten Raidak. Proba horietan parte hartzaileek orientazio espezifikorako, tirorako eta sokak erabiltzen dituzten dohainak erakutsi beharko dituztela aurreratu dute antolatzaileek.
Debabarrenako Raida Iparraldeko Raid abentura Ligako seigarren proba puntuagarria izango da aurten. Lehen hiru probak jokatu dira dagoeneko eta laugarrena uztailaren 23an jokatuko dute Campo de Yuson (Kantabria, Espainia), eta Ortuellan izango da bosgarrena, irailaren 10ean.
Hona hemen 2015ean, estreinako Debabarrenako Raidean Julen Ansolak ateratako zenbait argazki. (argazki gehiago hemen)