El Ingles dokumentala aurkeztera etorriko dira Elgoibarrera lanaren egilea eta protagonista, David eta James Slater aita-semeak. Elgoibarko Kultur Etxeko erakusketa gelan eskainiko dute dokumentala, uztailaren 21ean, 20:00etan. Britaniar uharteetatik lagun gehiago ere ekarriko dituzte, aurtengo Azkarateko igoeran parte hartzeko prest dauden kirolariekin batera etortzeko asmoa dutela aurreratu baitute. Izan ere, iaz egin zuen moduan, James Slaterrek probako irudiak grabatzeko asmoa du aurten ere, aitak igoerako errekorra ezarri zuenetik 35 urte bete direla-eta.
•Elgoibartarren testigantzak
Iaz Azkaraten jasotako irudiekin eta 1981eko errekorraren lekuko izan ziren hainbat elgoibartarri eginiko elkarrizketekin osatu du El Ingles dokumentala. David Slaterren bizitzari buruzko lana da. Britainiarra bere garaiko atletarik onenetarikoa izan zen. 1980. urteko Mugertza krosean ere hartu zuen parte eta laugarren postuan sailkatu zen. Handik urtebetera, 1981ean, berriro etorri zen Elgoibarrera Luis Santolayak gonbidatuta. Oporretara etorri bazen ere, Roy Fowler ‘Azeri gorriak’ 1966an Azkarateko igoeran ezarri zuen marka (21:20) ontzeko ahalegina egin zezan zirikatu zuten, eta onartu egin zuen desafioa. Ikusmin handia sortu zuen herrian Slaterren ahaleginak, eta lagun asko batu ziren Azkarateko bide bazterretan. Slaterrek berrogei segundoan ondu zuen Fowler herrikideak eginiko denbora, eta hogei minutu eta berrogei segundoan laga zuen errekor berria.
•Azkarateko igoera uztailaren 23an
Handik 30 urtera, 2011n, Elgoibarko Maala Azkarate igoeraren aurreneko edizioa antolatu zuen Maalako jai batzordeak. Txirrindularitza eta atletismo probak antolatu zituzten. Iñigo Lazkano, bizikletaz, eta Oier Ariznabarreta izan ziren estreinako edizioko irabazleak. Antolatzailek gogoan izan zuten Slater eta Elgoibarrera etortzeko gonbidapena egin zioten. Gonbidapena onartu eta bere entrenatzaile izandako Edie Hardyrekin batera agertu zen Elgoibarren David Slater. Antolatzaileen omenaldia jasotzeaz gainera, berak eman zion hasiera probari eta bertatik bertara jarraitu zituen gero txirrindularien zein antxitxikarien igoerak. Bere markatik urrun geratu zen irabazlea, eta aurreneko postuetan iritsi ziren parte hartzaileak harrituta geratu ziren britainiarrak egin zuen markarekin. Hurrengo edizioetan ere errekorretik urrun gelditu dira irabazleak.
Azkarateko Igoeraren seigarren edizioa uztailaren 23an izango da aurten, Maalako jaien barruan. Iaz Mikel Garate eta Oier Ariznabarreta izan ziren azkarrenak, bizikleta gainean lehena eta antxitxika bigarrena.