Jende asko batu zen 'El Ingles' dokumentalaren emanaldira

Barren.eus 2016ko uzt. 22a, 09:00

James Slaterrek eginiko El Ingles dokumentala eskaini zuten atzo Elgoibarko Kultur Etxean eta jendez bete zen hitzaldi gela. David Slater atleta ingelesa da dokumentaleko protagonista eta Azkarateko igoeran 1981ean ezarri zuen errekorra jasotzen du, besteak beste.

David Slaterrek hogei minutu eta 40 segundoan egin zuen Azkarateko igoera 1981ean. 35 urte bete direla-eta, El Ingles izeneko dokumentala eskaini zuten atzo Elgoibarko Kultur Etxean. Daviden seme James Slater zinegileak zuzendu eta ekoitzi du dokumentala. Biak egon ziren atzoko aurkezpenean.

David Slaterren kirol ibilbidea jasotzen du 20 minutuko dokumentalak, bere jaioterri Bradford-en nola hasi zen atletismoan, batik bat, baina Elgoibarrekin izan duen harremanean zentratzen da bereziki. Izan ere, 1980. urteko Mugertza krosean parte hartu ostean (4. postuan sailkatu zen), berriro etorri zen Elgoibarrera 1981. urteko maiatzean, Luis Santolayak gonbidatuta. Oporretara etorri bazen ere, Roy Fowler ‘Azeri gorriak’ 1966an Azkarateko igoeran ezarri zuen marka (21:20) ontzeko ahalegina egin zezan zirikatu zuten, eta onartu egin zuen desafioa. Ikusmin handia sortu zuen herrian Slaterren ahaleginak, eta lagun asko batu ziren Azkarateko bide bazterretan. Slaterrek berrogei segundoan ondu zuen Fowler herrikideak eginiko denbora, eta hogei minutu eta berrogei segundoan laga zuen errekor berria. Julian Azkuek bideoan grabatu zuen Slatterren igoera eta irudi horiek ere sartu ditu James Slaterrek El Ingles lanean. Proba zuzenean bizi zuten hainbat elgoibartarren testigantzak ere jasotzen ditu dokumentalak. 

Ilkley-ko zinemaldian estreinatu zuten otsailean eta Donostiako Zinemaldira aurkeztea aztertzen ari dela adierazi du James Slaterrek. 

el ingles dokumentala david slater elgoibar