Mendi lasterketetan aritzen diren munduko atletarik onenak batu dira asteburu honetan Lleidako Barruera herrian, Epic Trail Aiguestortes proban parte hartzeko. ISF erakundeak Mendi lasterketen Munduko Txapelketa izendatu du aurten proba hori, eta hiru modalitatetan lehiatu dira kirolariak.
Lehenengoa, igoera bertikalen Munduko Txapelketa, atzo jokatu zuten. Parte hartzaileek 2,8 kilometroko ibilbidean 1.033 metro igo behar zituzten. Zatirik aldapatsuenetan %50eko pendizak zituen ibilbide gogorra gutxin ez, eta euri jasa handia bota zuen proba hasi eta berehala. Emakumezkoetan Christel Dewalle frantziarrak egin zuen denbora onena: 39 minutu eta 35 segundo. Lau alditan igoera bertikaletako Munduko txapeldun izan dela-eta, proba irabazteko faborito nagusia zen Laura Orgue kataluniarrak egin zuen bigarren (40:39.15) eta Maite Maiora mendaroarra sailkatu zen hirugarren (41:59). Gizonezkoetan, Stian Angermund-Vik norvegiarra gailendu zen, 34:16.09ko denbora eginda. Iñigo Lariz elgoibartarrak igoera bikaina osatu zuen eta zazpigarren postuan sailkatu zen. Espainiako selekzioa ordezkatu zuen Larizek eta bera izan zen onena taldekideen artean.
•Maiora sailkapen bateratuko txapeldun
Gaur, berriz, mendi maratoiko Munduko Txapelketa jokatu dute. Aigüestortes eta San Maurizioko parke nazionalean barrena jokatu da 42 kilometroko proba eta Maite Maiora izan da azkarrena. Antxitxikari mendaroarrak 4:42:21ean osatu du ibilbidea. Garaipen honi eta atzo lortutako hirugarren postuari esker, gainera, sailkapen konbinatuko lehen postua lortu du. Eta hau guztia Mendaro festetan murgilduta dagoen unean. Badute ospatzeko beste aitzakia bat. Azara Garcia De Los salmones espainiarra sailkatu da bigarren postuan eta Elisa Desco italiarrak egin du hirugarren. Gizonezkoetan, kilometro bertikalean moduan, Stian Angermund-Vik gailendu da.
Kirol ibilbidean garaipen handiak lortu ditu orain arte Maite Maiorak, baina garrantzitsuenen artean dago azken hau.