Ahotsak

Elgoibartarren eta altzolarren arteko tirabirak

Barren.eus 2016ko uzt. 27a, 09:42

Altzolak Elgoibarrekin borroka asko izan eta gero, azkenean lortu zuen auzoan euren parrokia izatea. Mendekuz, elgoibartarrak parrokia berriko Santo Kristoa lapurtzera joan omen ziren; baina auzotarrak, jakinaren gainean, zain zeuden, eta...

ahotsak altzola eliza erromeria indalecio ojangurenPako Isasti Irusta Altzolako Sakristauen etxean jaio zen eta bere aita moduan Altzolako kanpai-jolea izan da makina bat urtean. Ahotsak.com egitasmoan jasota dute Isastik azaldutako anekdota polit baten testigantza. Isastik gogoan duenez, Altzolako bizilagunek parrokia berri bat eraiki nahi zuten baina asmo hori ez ei zen elgoibartarren gogokoa. “Halaxe, borrokan hasi dira eta azkenean lortu zuen Altzolak. Ez dakit nongo Obispoak baimena emanda”. Horren berri jakitean, elgoibartarrek eliza berri horretan jarri behar zuten “santisimua jun eta harrapatu” egingo zutela esan zuten. Elgoibartarrak makilekin joan ei ziren Altzolara. Baina auzotarrak, jakinaren gainean, elgoibartarren zain zeuden. “Elizan sartu zirenean ateak itxi zituzten altzolarrek eta hiru egunean eduki zituzten barruan elgoibartarrak. Guardiak ere egin zituzten barrutik aterik zabaldu ez zezaten”, dio Isastik.

Ez da akordatzen zehazki noizko kontua den, baina aspaldi gertatutakoa izan behar duela dio. Era berean, pasadizo honen berri elgoibartarrei kontatu izan dienean askok ez dutela sinesten dio. Ikusi eta entzun anekdota bitxi hau Pako Isastiren berbetan, honako bideoan

Sarrera gehiago, ahotsak.eus barren.eus atarian: hemen eta hemen