Pedro Luis Ajuriagerrak irabazi du kirol argazki lehiaketako sari nagusia, bigarren urtez jarraian

Barren.eus 2016ko uzt. 27a, 10:03

Elgoibarko XI. Kirol Argazkien Lehiaketako irabazleak jakitera eman ditu Elgoibarko Udalak. Pedro Luis Ajuriagerra argazkilari bilbotarraren La Iglesia Skate argazkiak eskuratu du sari nagusia. Iaz ere lehen saria lortu zuen Ajuriagerrak Elgoibarren.

Elgoibarko XI. Kirol Argazkien Lehiaketa antolatu dute Elgoibarko Udaleko Haur eta Gazteen Sustapeneko Sailak eta Kirol Patronatuak, Ongarri argazkilari elkartearekin lankidetzan, profesional zein zaleentzat. Pedro Luis Ajuriagerra argazkilariak aurkeztutako argazkia saritu du epaimahaiak sari nagusiarekin. Duela bi urte bigarren saria eskuratu zuen Ajuriagerrak eta sari nagusia eskuratu du azken bi urteetan: Saltando sobre Bilbao argazkiarekin iaz, eta La Iglesia Skate argazkirekin irabazi du aurten sari orokorra. 300 euro poltsikoratuko ditu.

Jose Luis Sotok aurkeztutako Herri Kirolak izeneko argazkiak eskuratu du bigarren saria (200 euro).
Gazteentzako sariei (18-30 urte bitartean) dagokionez, Sara Beristainek aurkeztutako Yankee Airlines izeneko argazkiak jaso du lehen saria (300 euro) eta Ander Izagirreren Eutsi gogor argazkiak lortu du bigarren saria (200 euro).

Nerabeen Sariko (13-17 urte) lehen saria Haizea Sanchez elgoibartarrak eskuratu du, beste behin ere, Paddle Surf izeneko argazkiari esker. Bigarren saria hutsik gelditu da.

Elgoibarko bizilagunek aurkeztutako argazkien artean, Igor Froilanen aurkeztutako WGA2 izeneko argazkia saritu dute Herritarrentzako Sariarekin. 200 euroko saria jasoko du. Iaz ere Igor Froilanek irabazi zuen sari hau.

Guztira 65 argazki aurkeztu dira aurten lehiaketara eta "kalitate handiko" lanak aurkeztu direla nabarmendu du epaimahaiak.

Lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak ikusgai egongo dira abuztuaren 22tik 31ra bitartean, Elgoibarko Kultur Etxean, 18:30etik 20:30era bitartean.

Elgoibar kirol arg lehiaketa HERRI KIROLAK JOSE LUIS SOTO

Elgoibar kirol arg lehiaketa YANKEE AIRLINES SARA BERISTAIN

Elgoibar kirol arg lehiaketa EUTSI GOGOR ANDER IZAGIRRE

Elgoibar kirol arg lehiaketa PADDLE SURF HAIZEA SANCHEZ

Elgoibar kirol arg lehiaketa WGA2 IGOR FROILAN