Ander Zulaika oso pozik azaldu da Trail Valle de Tena proban lortutako hirugarren postuarekin. “Emaitza sinestezina da niretzako. Are gehiago horrelako lasterketa gogor eta ikusgarri batean”, adierazi du saltakari mendaroarrak. Probaren hasiera lasai hartzea erabaki zuela azaldu du, nahiz eta probaren erdi aldera, erreferentziei erreparatu ostean, azkarregi zihoala burutik pasa zitzaion arren. Horren ostean, probako zailtasun handienetarikoa zen Garmo Negro (3.064 metro) mendia igo eta bere burua indarrez ondo ikusi zuenez, “aurrera jotzea” erabaki zuen. Ahalegin horren fruitua izan zen Sallent de Gallego herrian zegoen helmugan lortu zuen hirugarren postua. Zulaikak 14 ordu 20 minutu eta 23 segundoan osatu zuen 78 kilometroko ibilbidea. Jonatan Cuesta izan zen irabazlea, 13:45:35ko denborarekin.
•Lendinez laugarren mendi maratoian
Ainhoa Lendinezek mendi maratoi proban hartu zuen parte eta laugarren postuan sailkatu zen (8:22:44). Oihana Kortazar izan zen azkarrena emakumezkoetan, 07:15:13ko denborarekin. Ibilbide teknikoa eta gainditu beharreko desnibel handia nabarmendu ditu Lendinezek Tena haranean jokatutako probaz. “Garmo Negro ere igotzen genuen, hirumilakoa, izugarri ederra. Niretzat ikaragarria izan da, txikitatik gurasoekin joandako inguruetan ibiltzea”.