Uda borobila

Nahia Eguskizaga 2016ko ira. 2a, 17:32

Udako oporraldia guztiontzat izaten da garrantzitsua. Ikasturtean zehar egindako lanaren inguruan hausnartu, eta arnasteko garaia ere izaten da, gozatzeko eta gustuko planak egiteko tartea ere bai.

Helduok irrikaz itxaroten dugu abuztu ingurua eta udan aldatu egiten garela esaten dugu, baina haur eta nerabeen kasuan udako oporren garrantzia are handiagoa izaten da. Ikastetxeko lanak alde batera utzi, lagunekin plan desberdinak egin eta esperientzia ezberdinez gozatzeko garaia izaten da eta dudarik gabe, udan, nerabeen heltze prozesuan aldaketak nabariak izaten dira. 

Udak nerabeen kasuan duen garrantzia hori kontuan izanda, gaztelekutik ahalik eta uda integralena osatzen saiatzen gara, beste garai batzuetan landu ezin ditugun helburuak lortzeko ere aukera izaten dugu. Nerabeekin elkarbanatzen dugun denbora handiagoa izateaz gain, bizitzen ditugun esperientziak ere biziagoak izaten direlako. Horregatik uda garaian,  nerabeekin batera planak adosten ditugu, eta udako planen egutegi polita osatu eta gauzatu dugula baloratu dugu.

Baina uda garaia ere bukatu da guretzat eta iraila gogoz hasi dugu lanean, oraindik ere gogoan ditugulako, Urbizikoekin Getarian itsasoan urpekaritzan izandako esperientzia; Arcachoneko txirristetan tragatutako ura; afari merienden ostean, beldurrezko pelikulekin egindako garrasiak; Ekigain festan suaren inguruan abestutakoak eta egindako saltoak; Nahaste Borrasteko parte hartzaileei emandako animoak; Gernikako aterpetxean, mahai inguruan lekak zuritzen elkarrrekin egindako barreak; gurasoek oparitutako hitz politak; Mundakan itsasora egindako saltoak… 

Guk zuek bezainbeste gozatu dugu ekintza guzti hauetan, bihotz-bihotzez, eskerrik asko oparitu diguzuen udagatik. Gu ere indarberrituta etorri gara bueltan eta laster irekiko ditugu berriro ere gaztelekuko ateak, eta noski zuek ikusteko irrikan gatoz!

 

20160625 184002

 

 

Gaztelekuko hezitzaileak