Izerpin Kakutea Ixoerie mendi lasterketa antolatu du estreinakoz Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkunak. Zapatu gauean jokatu zen eta 54 lagunek hartu zuten parte. Azkoitiko Balda plazatik irten ziren saltakariak 22:00etatik aurrera, banan-banan, erlojuaren aurkako proba izan zen-eta. Kakuteko tontorrera arteko lau kilometroak egiten azkarrena Iban Murua elgoibartarra izan zen, 32 minutu eta bi segundoko denborarekin. Bi minutu eta 38 segundoko aldea atera zion bigarren denborarik onena egin zuen Iñigo Lariz (34:40) herrikideari, eta lau minututik gorakoa hirugarren sailkatuari, Beñat Kataraini (36:08). Hasier Murua elgoibartarrak ere igoera ona egin zuen eta seigarren postuan sailkatu zen, 38:18ko denborarekin.
Emakumezkoetan Leire Fernandezek (Errenteria, 1998) ezarri zuen denborarik onena (43:24). 24 segundoko aldea atera zion bigarren denborarik onena egin zuen Ainhoa Lendinez elgoibartarrari. Lasterketa “oso gogorra” izan zela esan du Lendinezek, baina oso polita era berean, “gau giro apartarekin” jokatu zela-eta. 17 urte besterik ez dituen arren etorkizun handiko mendi lasterkaria dela Leire Fernandez azaldu du Lendinezek, “emakumeen arteko Kilian (Jornet) izango omen da”. Dagoeneko Munduko canicross txapelketa irabazitakoa da.
Kakuteko lehen igoerako argazkiak maxixatzen.eus eta urolakosta.hitza.eus webguneetan.