Arnaldo Otegik ezin izango du lehendakarigai izan

Barren.eus 2016ko ira. 7a, 09:01

Arnaldo Otegi elgoibartarrak ezin izango du EH Bilduren lehendakarigai izan irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Izan ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko epaileek aztertu ere egin gabe, atzera bota dute Otegiren defentsak haren inhabilitazioaren aurka aurkeztutako helegitea.

Arnaldo Otegik Donostiako Auzitegian jarri zuen lehenik helegitea, eta horrek ere atzera bota zuen. Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak Bateragune auzian jarri zioten gaitasungabetzean oinarrituta hartu zuen hauteskunde zerrendatik kanporatzeko erabakia.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eguen gauerdia baino lehenago hartu behar zuen erabakia (hauteskunde kanpaina hasi aurretik), baina martitzen arratsaldean elkartu zen, eta ordubete pasatxoko saioaren ondoren, helegitea tramitera ere ez onartzea ebatzi zuen.
Ondorioz, Espainiako auzitegien bidea bukatuta, 2021eko otsailera arte Otegik ez du izango sufragio pasiborako —hautatua izateko— eskubiderik, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez badu aurkakorik esaten. Izan ere, Bateragune auziagatik zigortu zuten Otegi, eta han aztertzeko dute oraindik Espainiako Auzitegi Nazionalaren zigor haren aurka defentsak jarritako helegitea.