San Bartolome festetan “harmonia, tolerantzia eta poztasuna” nagusi izan direla nabarmendu du Udalak

Barren.eus 2016ko ira. 13a, 09:45

San Bartolome jaien balorazioa egin du Elgoibarko Udalak. Festetan izan den “giro ona” eta herritarren inplikazio “handia” nabarmendu dituzte udal agintari eta arduradunek.

“Jaietan nagusi izan dira harmonia, tolerantzia eta poztasuna. Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu pertsona, elkarte, kolektibo, erakunde, langile..., oro har, jaiak aurrera eramaten laguntzen duten guzti-guztiei”, adierazi du Elgoibarko alkate Ane Beitiak San Bartolome jaien balorazioaren berri emateko eginiko prentsa agerraldian.

Era berean, jaiak normaltasun osoz eta intzidentzia aipagarririk gabe igaro direla azpimarratu du Andrea Arriolak, Kultura saileko zinegotziak. “Jaiak normaltasun osoz eta intzidentzia aipagarririk gabe igaro dira. Jaietan ekintzen kalitatea, harmonia, eguraldi ona, jai giroa eta parte-hartzea izan dira nagusi eta zorionez ez da iskanbila nabarmenik edota eraso sexistarik erregistratu”, esan du. Esku-hartze gehienak herritarrei zuzendutako laguntzekin (galdutako gauzak eta osasun arazoak), trafikoarekin (bide publikoaren erreserba eta zirkulazio istripu txikiak) eta segurtasunarekin (identifikazioak eta kale iskanbilak) lotuta egon direla zehaztu dute. Era berean, eraso sexista ezak aipamen berezia merezi duela azpimarratu dute Udal agintariek.
Hainbat urtetan krisiak eragindako murrizketak jasan dira jaietako aurrekontuan, aurten ordea, Udalak 172.616 euroko aurrekontua bideratu du, iaz baino 14.000 euro gehiago, hain zuzen ere. Jaiei emandako bultzada ekonomiko honi esker, egitarau “aberatsagoa” prestatzeko aukera izan dutela azaldu dute.
•Alkohol eta drogei buruzko prebentzio kanpainetako emaitzak
Elgoibarko Udalak alkohol eta bestelako drogei buruzko prebentzio programak sustatu ditu, beste urte batez, sanbartolomeetan. Helburua, droga hauen gehiegizko kontsumoa prebenitzea eta parte hartzaileei alkohol eta bestelako drogen kontsumoak dakarren arriskuez ohartaraztea da. Hori dela eta, abuztuaren 27tik 28rako gauean bi informazio gune jarri zituzten herriko kaleetan. Bertan, interesatuek, informazio liburuxkak jasotzeaz gain, era boluntarioan, galdetegi txiki bat bete eta alkohol zein droga testa egiteko aukera izan zuten.
Alkoholaren inguruko kanpainari dagokionez, 271 pertsona gerturatu ziren informazio stand-era (182 gizon eta 89 emakume). Jasotako positiboak %54,24 izan ziren, gehiengoa gizonak. Kontsumitutako beste droga batzuei dagokionez, erabiltzaileen %40, 22k tabakoa kontsumitu zuen eta %21,40k kannabisa.
Beste alde batetik, bestelako drogei buruzko stand-era 223 pertsona gerturatu ziren (163 gizon eta 60 emakume). Horietatik 33k (30 gizon eta 3 emakume) galdetegi txiki bat bete zuten. Era berean, erabiltzaileek zeramaten substantziak aztertzeko aukera izan zuten. Aztertutako droga gehienak ketamina (36%) eta MDMA (32%) izan ziren. Besteak anfetamina eta kokaina (biak 12%) eta marihuana (8%) izan ziren.

sanbartolome jaiak elgoibar drogakAmaitzeko, Elgoibarko Udalak eskertu egin nahi du herritar, kolektibo, elkarte, instituzio, langile, etab-en inplikazioa, lankidetza eta parte-hartzea, “horiek gabe ezingo litzateke jaien egitaraua burutu eta”.

• 2016ko San Bartolome jaietako ARGAZKIAK