Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 64. edizioa barixakuan hasiko da, eta sasoi honetan ohi duten legez, Zinemaldiak zikloa antolatu du Ongarri zine klubak. Donostiako zein Locarno eta Veneziako zinemaldietan ikusi ahal izan diren lanak dira. Besteak beste, iaz Donostiako Zinemaldian zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra jasotako filma (Les Chavaliers Blancs) ekarriko du Ongarrik Elgoibarrera. Alabaina, estreinatu berri diren filmak ere aukeratu dituzte: Pastel de pera con lavanda eta Un amor de verano. Hona zikloa osatuko duten filmeen gaineko xehetasunak:
- ‘Cegados por el sol’ (A bigger splash). Hilaren 15ean eta 16an. 21:30ean: Mediterraneo aldean eztarriko ebakuntza batetik sendatzen ari den rock izar bat, haren bikotekidea, manager eta maitale ohia eta neska gazte bat dira pertsonaia nagusiak. Haien arteko harremanak eta tirabirak dira nagusi sexuak pisua duen drama honetan. Luca Guadagnino zuzendari italiarraren lan hau, Jacques Deray-ren La Piscina (1969) filmaren remake-a da. Veneziako zinemaldiko sail ofizialean lehiatu zuen iaz.
- ‘Pastel de pera con lavanda’ (Le goût des merveilles). Hilaren 17an 21:30ean, 18an 19:00etan eta 19an 21:30ean: Eric Besnard zuzendariak film sentsoriala sortu nahi izan du oraingoan. Frantziako Proventza eskualdean girotutako istorio honetan Louisek ia Pierre harrapatuko du kotxearekin. Ez dute elkar ezagutzen, baina Louis laster ohartuko da Pierre berezia dela. Adimen handia baina komunikazio arazoak ditu mutilak. Hala ere, Louis txundituta utziko du Pierrek bere berezitasunekin eta pertsonaia hauen harremanen inguruan eraikiko da gure pantailetan udan estreinatu den komedia.
- ‘Un amor de verano’ (La belle saison). Hilaren 20an eta 21ean. 21:30ean: Parisen, 68ko maiatzen ondorengo iraultza feministan, murgiltzen gaitu Catherine Corsini zuzendariaren azken lanak.Delphine, baserritarren alaba da eta independentzia ekonomikoaren bila Parisera joango da bizitzera. Bertan, Carole ezagutu eta maitemindu egingo dira baina atzera etxera bueltatu beharko du eta elkarrekin jarraituko badute ere, ez zaie erraza egingo bien arteko harremana landa eremuan azaleratzea.
-
‘Los caballeros blancos’ (Les chevaliers blancs). Hilaren 22an eta 23an. 21:30ean: Donostiako zinemaldiko Zilarrezko Maskorra Los caballeros blancos filmarentzat izan zen iaz. Zuzendari onenaren saria da eta Joachim Lafosse zuzendari belgiarrak jaso zuen Chadeko gertaera errealak biltzen dituen lan honengatik. Gerra zibilaren biktima izandako 300 haurren adopzio prozesua erakusten du eta gobernuz kanpoko erakundeen lanaren mugen inguruan pentsaraztea bultzatzen du.