Sanrock musika jaialdia antolatu du Elgoibarko Izarrak urriaren 1erako

Barren.eus 2016ko ira. 15a, 18:45

Elgoibarko Izarrako Kulturekintza taldeak musika emanaldi berezia antolatu du: Sanrock festibala. Urriaren 1ean izango da, Azkue (San Roke) auzoko berdegunean. Aire libreak ematen dituen aukera guztiak aprobetxatu nahi dituzte antolatzaileek ekitaldiari xarma berezia emateko. Lau musika talde lotu dituzte.

Elgoibarko Izarrako hainbat bazkidek Kulturekintza taldea sortu zuten iaz, elkartearen kultur eskaintza aberasteko eta bazkideen parte-hartzea sustatzeko helburuekin. Ekimen horrek aurten eman ditu bere lehenengo fruituak, eta dagoeneko antolatu dituzte hainbat hitzaldi eta irteera herriko beste eragile batzuekin elkarlanean. Baina ekimen horietatik haratago joan nahi zuten taldekideek, euskarazko kulturari bultzada emateko. Mahai baten bueltan batu ziren Elgoibarko Izarrako hainbat bazkide, eta ideia zaparrada baten ostean, Sanrock festibala gorpuzten hasi ziren. Izenak adierazten duen bezala, rock kontzertua izango da, Azkue auzoan.

Musika emanaldi berezia, marko eta ingurune berrian
Sanrock, baina, ez da musika kontzertu soila izango. Musika emanaldi berezia antolatu nahi zuten, desberdina, berritzailea, marko eta ingurune berrian. Argi zeukaten ohiko kontzertuen formatutik aldendu eta herritarrei emanaldi berezia eskaini behar zietela.
Urriaren 1ean izango da, Azkue auzoko berdegunean. Aire libreak ematen dituen aukera guztiak aprobetxatu nahi dituzte antolatzaileek ekitaldiari xarma berezia emateko. Eta xarma berezi hori piknik-ak emango dio. Lagun talde bakoitza bere mahai-zapi eta jatekoarekin joatea da asmoa, eta berdegunean mokadutxoa egiten duten bitartean, musikaz gozatzea. Edariak Elgoibarko Izarrak berak salduko ditu, ermita kanpoaldean jarriko duten txosnan, baina jatekoa bakoitzak berea eraman beharko du. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da jaialdia, eta gaueko 23:30ak aldera arte luzatuko da. Ordu tarte bakoitzak bere musika estiloa izango du. Hori dela eta, publiko zabala espero dute; familiak umeekin, gazteak zein helduak. Denek izango dute lekua Sanrock festibalean. Elgoibarko Udalarekin lankidetzan antolatu dute Sanrock.

•Lau musika talde

Lau musika talde lotu dituzte antolatzaileek estreinako Sanrock jaialdirako:

  1. Inazio Bereziartua musika eskolako rock taldea
  2. Belceblues
  3. Jon Basaguren (Izaki Gardenak)
  4. Kokein.

Informazio osoagoa: BARREN aldizkariaren 1005. zenbakian -PDF-

sanrock elgoibar sustatzaileak1