Bigarren begiratuan... beso iharrak. Oilo larrua beso iharretan. Neke-orbanak aurpegian. Listua aho-sudurretan. Eta irribarre handi bat. Hirugarren begiratua subjektiboa da, norberak jantzi nahi dituen betaurrekoen araberakoa. Nik neuk zoriontasuna ikusten dut. Zerbait lortzeak dakarren zoriontasuna. Sufrimenduaren eta esfortzuaren osteko zoriontasuna. Ikusten dut duela 20 urte ezagututako neska bat,orain munduan, gorenean, berean. Eta irribarre bera. Kameralari bat ere ikusten dut, beti hari begira. Mendaroko harakinaren alaba, orduan eta orain. Urte asko igaro dira. Korrika hasi, eta, mailaz maila gero eta gorago mendian. Pausoak, jauziak, lesioak, minak, garaipenak, garaikurrak, entrenamendu amaigabeak, bidaiak. Etxean, atzerrian, eta munduan. Harria, lokatza, belarra. Eguzkia, euria, txingorra. Erorikoak. Eta odola ere bai tarteka. Erori eta berriz altxatzea. Etengabe altxatzea. Ederra da bizitzan nork bere bidea aukeratu ahal izatea. Ona nahiz txarra. Laudorioak eta kritikak, garaipenak eta porrotak. Denek osatzen dute bizitzaren bidea. Eta hauturik onena, beti, maldarik pikoenari ere, irribarre egitea. Maite.
*Argazkia: Fotoiosu.