Omenaldia Zirardamendin hildako gudariei

Barren.eus 2016ko ira. 19a, 15:51

1936ko irailean eta urrian Elgoibarko Zirardamendi-Aiastia (San Migel) fronte-lerroan hildako gudariak omendu zituzten atzo, urtero legez, iraileko azken aurreko domekan.

Beste urtebetez, senide, instituzio, elkarte, kultur erakunde eta alderdi politikoetako zenbait ordezkarik hartu zuten parte Zirardamendi inguruetan hildako gudariak omentzeko ekitaldian. Elgoibarko alkate Ane Beitiak eta gainerako ordezkariek loreak jarri zituzten 1952. urtean inguru horretan hil zituzten gudarien omenez jarritako gurutzean.

1936ko irailaren 25an Arana Goiri batailoiko hamalau euskal gudari hil zituzten Zirardamendiko frontean, Mola jeneralaren tropen kontrako liskarretan: José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Félix Arbulu. Sabino Arana Fundazioak nabarmendu duenez, Frankisten konkista gerarazi zuten, eta horri esker, lehen Eusko Jaurlaritza eratu zen Gernikan.

Omenaldi honekin, euskal soldadu gazte hauen sakrifizioa gogorarazi nahi dela azaldu dute sustatzaileek, eta memoria historikoa "funtsezko bidea" dela azpimarratu elkarbizitza eta adiskidetzea bultzatzeko.

2016 09 18 zirardamendi elgoibar lore eskaintza1

zirardamendi elgoibar lore eskaintza

Lotura duten albisteak: