Maisua ikaslearen aurretik Euskal Herriko Bertikalen Txapelketan

Itziar Arana 2016ko ira. 19a, 18:04

Iban Murua eta Iñigo Lariz elgoibartarrek bigarren eta hirugarren egin zuten Uharte Arakil-Beriain Km. Bertikalaren 8. edizioan, domekan, Euskal Herriko Bertikalen Txapelketa zen proban. Iban Muruaren entrenatzailea den Aitor Osa itziartarrak irabazi zuen proba. Ainhoa Lendinez elgoibartarra ere igo da podiumera asteburuan, bigarren postua eskuratu baitzuen Atxondon jokatu zen Sorginen Lasterketan.

Euskal Herriko Bertikalen Txapelketa jokatu zuten domekan: Uharte Arakil-Beriain Km. Bertikala. Guztira 124 saltakarik hartu zuten parte. Banaka-banaka irten ziren Uharte-Arakildik (471 m), eta bost kilometroko ibilbidea eta 1.023 metroko desnibela gainditu behar zuten Beriaingo San Donato ermitaraino (1494 m) ailegatzeko.

Aurreko bi edizioetako irabazleak, Aitor Osak, egin zuen denborarik onena: 40 minutu eta 30 segundo. Aurtengoan ez zuela irabazterik espero aitortu zuen 43 urteko itziartarrak proba amaieran. Bere berbetan, Iban Murua elgoibartarra zen proba irabazteko faborito argia, besteak beste, gertutik ezagutzen dituelako Muruaren dohainak eta une honetan duen sasoi puntua, bera baita antxitxikari elgoibartarraren apopiloa. “Nik prestatzen dut Iban, banekien oso fuerte zegoela eta paretsu ibiliko ginela. Niretzat sorpresa izan da irabaztea, Iban aurten dena irabazten ari delako eta primeran dabilelako” adierazi dio Osak Sakanako herri komunikabide guaxe.eus-iMurua ez zen gaizki aritu, baina maisuak baino 35 segundo gehiago behar izan zituen igoera osatzeko, 41 minutu eta bost segundo, alegia. Muruak azaldu duenez, uste baino maila okerragoa eman zuen Osaren aurka lehiatzen zen aurreneko aldian, hain justu ere. “Ez zitzaidan lasterketa oso konpletoa atera eta urduri xamar aritu nintzen”, esan du.

Iñigo Lariz sailkatu zen hirugarren postuan, 42:59ko denborarekin (Ikus sailkapenak). Edonola ere, Osa federatu gabe dagoenez, Iban Murua eta Iñigo Lariz igo ziren Euskal Herriko Bertikalen Txapelketarako podiumaren goreneko bi kosketara. Muruak, baina, argi dauka Osa izan dela mendian gora onena eta hura dela txapela merezi duena.
Euskal Herriko Bertikalen Kopan izango du Iban Muruak arantza kentzeko aukera. Bera da Kopako liderra eta bi proba besterik ez dira falta txapelketa amaitzeko: Anbotoko kilometro bertikala urriaren 8an jokatuko da, eta Aratzeko kilometro bertikalarekin amaituko da Kopa urriaren 23an.

Bertikalen Kopa zoragarria egiten ari da Iban Murua. Lehen proban, Defi du petit train de la Rhun kilometro bertikalean bigarren postua eskuratu zuen eta hurrengo bietan garaipenak lortu zituen: Zegama Aizkorri kilometro bertikalean eta Zuzenien igoera bertikalean.

•Lendinez bigarren Sorginen Lasterketan
Joa zen zapatuan jokatu zen Axpen (Atxondo) IX. Sorginen Lasterketa mendi lasterketa. 17 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten lasterkariek, baina eguraldiak lagundu ez zuenez, antolatzaileek Anbotoko tontorrera ez igotzea erabaki zuten azken momentuan. Lehiari dagokionez, faboritoek ez zuten hutsik egin eta Aritz Egea (1:23:36), gizonezkoetan, eta Aitziber Ibarbia (1:50:40), emakumezkoetan izan ziren azkarrenak. Ainhoa Lendinez elgoibartarrak lasterketa aparta osatu zuen eta bigarren postuan sailkatu zen emakumezkoetan, 1:57:28ko denborarekin. Lendinezek azaldu duenez, Uharte-Beriaingo kilometro bertikalean parte hartzeko asmoa zuen, baina agenda kontuak medio, domekan lehiatu ezin zuela-eta, Axpeko proban hartu zuen parte zapatuan. Probako argazkiak anboto.org webgunean. (sailkapenak herrikrosa.eus webgunean)

 sorginen lasterketa ainhoa lendinez elgoibar

 ainhoa lendinez sorginenlasterketa1