Euskadiko industria ereduaren aldeko neurriak azaltzeko ekitaldia egin du EAJk Elgoibarren

Barren.eus 2016ko ira. 20a, 14:25

Gipuzkoako EAJ-PNVren hautagaitza Elgoibarren elkartu da gaur, hauteskunde kanpainako ekitaldiaren baitan, Euskadiko industria eredua sendotzeko jeltzaleek proposatzen dituzten neurriak azaltzeko.

Elgoibarren egin duten ekitaldian hartu du parte Arantxa Tapiak, eta aipatu du Euskadirentzat bi helburu argi dituztela, gogora ekarriz industriaren pisua BPGren %25 izatea eta enplegu tasa %10tik jaistea direla EAJ-PNVren asmo nagusiak.
“Industria enplegua sortzeko daukagun bide onena da, industrian sortzen den enplegu bakoitzeko zerbitzuetan 3-4 enplegu sortzen direlako”, esan du.
Etorkizunera begira, Tapiak azken hamarkadetan egin denaren bidetik jarraitzea dela asmoa nabarmendu du, “B+Gren aldeko inbertsioak areagotuz”.
Arlo honetan, jaurlaritzaren inbertsioa %5 igotzea da EAJ-PNVk proposatu duena, erakunde guztien eta sektore pribatuaren arteko inbertsioa, Euskal Zientzia, Teknologia eta berrikuntza Planak aurreikusten duen moduan 11.000 milioi eurokoa izan dadin.

•Makina Erreminta eta Makina Renove Plana
Elgoibarren, Makina Erreminta izan du ahotan Tapiak. “Modernizatu eta etorkizuneko beharretara egokitzen jakin izan duen sektorea da. Nazioarteko industria aurreratuenenekin mugitzen da makinetan Informazio eta Teknologia berriak ezarriz makina adimentsuak ekoizten ari dira, ondoren bestelako sektore industrialetan edota osasunaren alorrean erabiltzeko”.
EAJ-PNVk Makina Renove Plana berretsiko duela aurreratu du Tapiak, “aurreko hiru urteetan Eusko Jaurlaritzan arrakastatsu izan den egitaraua delako, eta honen helburua makinen eta enpresen lehiakortasuna hobetzeaz gainera, langileen segurtasuna ere bermatzea delako”.
Halaber, EAJ-PNVk sektore estrategikoetara bideratuta finantzazio tresna berriak proposatu ditu, baita energiaren kostuak aurrezteko, ingurugiroa zaintzeko eta prozesu eraginkorragoak ahalbidetzeko efizientzia energetikoaren inguruko ekimenen finantzazioa ere.
EAJ-PNVren Energia Estrategian, efizientzia energetikoak toki berezia hartzen du eta horretarako erakunde guztien lankidetzaren alde egingo dutela adierazi dute, udaletxeen lankidetzatik hasita.
Arantza Tapia eta EAJko Elgoibarko ordezkariak, Ane Beitia alkatea buru, herriko kaleetan ibili dira informazioa banatu eta EAJrentzako botoak eskatzen.

eaj kanpaina elgoibar kalebarren2

eaj kanpaina elgoibar kalebarren posea

eaj kanpaina elgoibar kalebarren anebeitia