•Petti eta Etxeko Uzta (Eguena 22, 22:30ean)
Hotzikarak izenpean argitaratu du Pettik (Bera, 1973) bere azken diskoa. 1997an hasi zen Petti musikan, eta ordutik egin dituen lan guztiek Sinuoseren arreta piztu dute. “Ahalmen berezia erakutsi ohi du beti”, esan dute antolatzaileek. Blues-rock-folk musika estiloen tradizioa, bere berezko duen gaitasunarekin doi-doi nahasten du, hazkundean doazen ideia berritzaileak etengabe hobetuz. Pettiren ahotsaren sakonak gozoki atontzen du proposamenaren zaporea, abestien sinesgarritasuna azalera ekarriz. Eraginak eskuzabal jasotzen dituen eta, era berean, eragile bilakatu den artista da. Blues-soul-rockrithm&blues korronte unibertsalen ezagutza eskuratzeaz arduratzen da, eta bere estilo sotil eta grabea besteentzat eredu izan ohi da. (informazio gehiago https://petti.bandcamp.com/)
•Inoren Ero Ni (Barixakua 23, 23:00etan)
Inoren Ero Ni Mikelek, Okenek eta Drakek 2003an Andoainen sorturiko taldea da. BAP!! Taldean elkarrekin arituak, buruan zituzten zirriborroei forma emateko berriz ere elkartzea erabaki zuten hiru lagun horiek, eta handik denbora gutxira Borja batu zitzaien taldera. Lehenengo entseguan ikusi zuten bazegoela kimika moduko zerbait euren artean. Bigarren diskoaren grabaketaren ostean Drakek taldea utzi zuen eta bere ordez Mariano hasi zen. Horrek musika estiloan eta kantetan ñabardura berriak ekarri zituen. Taldean izandako azken aldaketa, berriz, baterian izan dute. Mikelek taldea utzi du, eta bere ordez, Guantxe sartu da, besteak beste, Lobo Eléctrico eta Señor No taldeetan ibilitako musikaria, eta egun, Capsula taldeko bateria-jotzailea. Inoren Ero Ni taldearen kantuek oso landutako egiturak dituzte. Sinuosekoen hitzetan, “elite zorrotzentzako musika da, doako keinu samurrik gabea, jendetza eta olatuetatik urruti dagoena; otsoentzako musika”.