Munlet Mendaroko musika taldeak disko berria kaleratu du, eta estreinakoz euren herrian aurkeztuko dute Chupacabras izeneko lana. Munleten azken lanaren aurkezpena aitzakia hartuta antolatu dute Gararock Mendaroko kultur eskaintza aberastu eta, bereziki, musikari bultzada eman nahi izan dio herriko lagun talde batek. Musikazaleak eta musikan adituak batu dira jaialdia antolatzeko. Musika kontzertuetara joatea gustuko izan dute beti, eta iruditzen zaie gaur egungo gazteen artean ohitura hori galtzen ari dela. Horren aurrean, zerbait egin behar zutela erabaki zuten. Garai batean Trinipop eta Garagaua antolatzen ziren Mendaron, eta haren ildotik antolatu dute Gararock. Mendaroko herriari eta herritarrei, herrian bertan musika emanaldi bereziaz gozatzeko aukera eskainiko diete. Garagartzan izango da, formato txikian, eta familia giroan.
Arratsaldeko emanaldiak aire librean izango dira, Gaztelekuko terrazan eta eliza aurreko parkean. Bikustik bikotea modu akustikoan arituko da, DJ Axenek 80ko hamarkadako musika jartzen jardungo du, Art no DJ gazteak, aldiz, gaur egungo musikari egingo dio lekua, eta umeak ere rock mundura gerturatzeko, haientzako tailerrak prestatu dituzte. Afalordurako bakoitzak bere ogitartekoa eskatu eta hantxe afalduko dute, denek elkarrekin.
Eta 22:00etatik aurrera, jaiak Sanagustin Kulturgunean jarraituko du. Munletek Chupacabras diskoa aurkeztuko du, eta Mendaroko taldearen ostean, Vulk Bilboko musika taldearen saioa izango da.
Antolatzaileak pozik daude osatu duten kartelarekin. Udalak diruz lagundu duen arren, aurrekontu xumea dauka jaialdiak, eta eskerrak eman nahi dizkiete parte hartuko duten taldeei, erakutsi duten borondate eta prestutasunagatik.
• 24 ZAPATUA
- 18:30 Bikustik + Creedence Clearwater Revival Tribute Band.
- Ondoren, txikientxako rock tailerra eta DJ Axen.
- 22:30 Munlet
- Segidan, Vulk
- Ondoren, DJ Artno